2021-12-21
Ertzetik ertzera
Ertzetik ertzera –
Aspaldi ikasi genion Davis panterari ertzak elkarri txirikordatuta daudela; eta geroago, gure txirikorda nagusiak zein ziren ohartu ginen Agirre eta Eskisabeli esker. Horietatik eta horiek soinean irteten gara oholtzara, gure ahots kordek badakite zein korapilori egin behar dioten itzuri.
Plaza erdigunea da, berez. Plazara irteten garen aldiro espazioa hartzen ari gara, beraz. Ertza uzteko modu bat da. Ardatz izatera pasatzeko bide bat da plaza; gurea, euskarazko kantu inprobisatua. Bi arrazoik jar dezakete ertzean bertsogintza (hizkuntza gutxituak, eta ahozkoak tradizioz jomuga izan duen klase sozialak), eta beste askok, bertsolaria (patriarkatua, heteroaraua, kapazitismoa, arrazakeria, besteak beste). Horregatik da etengabeko ahalegina, gure gorputzak, gure korapiloak, gure txirikordak une batez ardatzean kokatzea.
Erderak irentsitako edozein gunetan bertso saio bat antolatu duen edonork daki zertaz ari garen. Halaxe tokatu ginen gu ere, azaroaren 26an Donostiako alde zaharreko euskaltzaleek antolatutako egitarauaren baitan, bertso saio batean. Data urrun geratu den arren, gogoratuko dizuet kostaldean udazkeneko lehenengotariko hotz gorria sumatzen zela, eta kazkabar erauntsiak ari zituela, haizeak hara-hona zerabiltzanak. Barru-giro, alegia.
Eta guri, Konstituzio Plazan kantatzea egokitzen zitzaigun; ez plaza erdian, arkupeen babesean baizik (behingoan mesede, plaza ertzak). Hori zen euskarak Donostiako hiri gabonetarako argiztatuan duen espazioa, auzokide batzuen ekimenak emana. Gu lanera joan ginen eta ez geneukan besterik, baina aukera zeukan jendeak ere gure aurrean esertzea erabaki zuen, saio hura entzutea, ordu eta erdiz hotza pasaz. Zaila zen pentsatzea, zaila kantatzea, zaila txalo jotzea, eta zaila, funtsean, egote hutsa. Baina euskaltzaleek badakite zerbait horretaz, eta irmo eutsi zioten denboraleari ertzeko arkupeetan gotortuta.
Saioa amaitzean poz txiki hori sentitu genuen, eusteak ematen duen harrotasun puntu hori, espazio txiki hura hartu izanak ardatza une batez apur bat mugitu dezakeen esperantzan. Eta antolatzaileak eskertuta, eta gu saio hura kalean egin izanaren balentriatxoaz jabetzen.
Eta taberna-epelera bidean batzuk, kotxeko berogailua topera jartzeko ametsetan beste batzuk, plaza ertz hura utzi genuen, hezurrak hoztuta, ahotsak berotuta. Eta taberna zein kotxera bidean gurutzatu genituen gure ondoko arkupean laguntza sareak eskainitako afari beroa hartzen ari ziren etxegabeak, 40 inguru. Eta gaua, eta egunak guk balentriatxotzat genuen baldintza haietan pasako dituzten horiei begira, ertzik gabe geratu nintzen une batez. Nire ertzen kamutsa agerian sentitu nuen, edo txirikorden artean daukadan ardatzaz jabetu nintzen.
Ertzetik ertzera… pribilejioa.