2021-02-11
Ertzak atarian
Ertzak atarian –
Ezetz esan diet gehienetan era honetako proposamenei. Ez dut oso gustuko obligazioz idatzi behar izatea eta ez dakit ziur oraingoan baiezkoa emateko arrazoia zein den. Behar bada badut zerbait esateko. Eta hemen gaude.
Txikitan idazteko erraztasuna nuen arren alperra nintzela diote, horregatik hautatu nuela bertsolari ibilbidea. Izan daiteke… Behar bada hor dago koska. Paperak badu gustuko ez dudan zerbait dena den. Hor geratzen da. Betiko. Eta buelta gehiago ematera behartzen zaitu. Eta niri intelektual puntua falta zait.
Paperen ertzetan bat-batean etorritakoak apuntatzen diren bezala idatziko dudala sinetsi nahi dut. Txorrota zabalduta … Baino tira, momentuz isuria hasteko, atarian, apunte batzuk baino ez.
Ipuinari amaiera aldatu nion eta gidoirik gabe nabil aspaldion. Ez genuen galeperrik jan. eta menu bejeta eskatzen dut bertso afaritan (edo nuen). Suerte pixka batekin bidaiaren erdia eginda, neure ertzak onartzera heldu berri akaso…Ugalketa fasearen ertzean. Guztiek kadukatutzat jo eta norberetzako momentu onena izan daitekeen bide-gurutze mitikoan nago.
Eta euskal kulturaren finisterretan esnatzen naiz goizero. Nafarroak ezkerrean duen ertzean, lautada eta mendi artean, Ebrok irentsitako zubien bestaldean. Hortxe dut jarria, intentzionalitate guztiz, lanerako eta bizitzeko esparrua. Euskalduntasunaren bestaldeetan, deseraiki eta berreraikitzen ari diren bazterretan, eta zailtasun beste aukera eskaintzen duten tokietan.
Ertzak maite baititut, paperekoak eta beste guztiak, erdigunetik urrun dauden guneak, espazio estraofizialak. Pribilegio eta aitortzarik gabeak, baliabidez urriak, sormenerako territorio libreak… Aitortzen dut. Konformagaitz eta disidenteek tilin egiten didate. Asko.
Eta nonahi ditugun gaztelu hautsi hauetatik bota nahi ditut nire harrikadak. Garden eta zuzen. Bertsoak bezala, barrutik, gehiegi egosi gabe. Ea kapaz naizen hitza bete eta plaza berri honetan (ere) gozatzeko.
Zarena zarelarik ere, gogoa baduzu… Laster arte!