2023-05-31
Erdizka
Erdizka –
Larunbatean III. Señora Sariketako Maddi Ane Txoperenaren amaierako agurrak zerbait ukitu eta erdi urtuta, erdi hunkituta, erdi arduratuta utzi ninduen. Bai, bat eta erdi dira hiru erdi, baina jarraitu nezake erdizka osoak osatzen, zein erdizka uzten. Erdi pentsakor, erdi hutsik eta erdi beteta, erdi ahozabalik, erdi biluzik.
Neurrian sartutako hitzak kobazulo batean oihua bueltan datorren legez ditut nire barruan, joan barik datorren oihartzun bat bailiran:
Auto exigentzia
Lekua
Ahotsa
Gorputza
Uztea
Plaza
Bertsoa
Denontzako
Nik badut lagun bat bertsoa uztea sarri pentsatu izan duena. “Nik badut lagun bat” hasten diren istorioak norberarena izango ez balitz bezala kontatzen diren horiek omen dira. Esan bezala, nik badut lagun bat bertsoa uztea sarri pentsatu izan duena. Bere buruarengan zama jakin bat jarri eta berak jarritako espektatibak betetzen ez dituenean horretarako gai ez dela esaten diona bere buruari, berarentzako lekua ez dela sinesten duena.
Batzuetan uzteko pentsamendua izatea, uzteko pausu bat izan daiteke, segun eta zelan ulertzen den, atzera zein aurrerapausoa. Baina, ideia egon badago, gero bigarren pausu bat izan daiteke ez uztea, hori hurrengo kapitulu baten dago nire lagunaren liburu honetan. Zorionez, liburuak prologoa eta epilogoa biak ditu, eta bertan eskuz idatzita dakar hemen gorputz eta ahots guztientzako, denontzako, lekua dagoela.