2022-10-20
Erdiz bizirik
Erdiz bizirik –
Doinua: Nehoiz ez da senditzen
Mendiak zein aziendak
arbasoen aztarna
Lehen Sektore duin bat
edukitzeko arma
aspaldi builarik egin
gabe zegoen Magna
politikoak mintzatu
ta piztu da alarma
Herrien izaera
ta bailararen xarma
berriro ere putrea
dabil Baztanen barna
Gaiak goi esferetan
lantzen diren honetan
harrobi bat helburu
baztango mendietan
herritar denenak diren
mendi komunaletan
prepotentzi lekzioak
sobran daude, benetan!
galdeketa prestatu
ta debekua bueltan
beldurturik zer jarriko
zuen bozka horietan?
Erdizeko harrobi
edo Aroztegia
argi ikus daiteke
hau den erokeria
batzuen aberastea
gehienon miseria
naturgune babestuan
jarri dute begia
berdeak dira bertan
basoak ta mendia
baina beraientzat sosa
soilik da orlegia
Bazirudien dena
zihoala hobera
15 urte pasa
ta atzeruntz, ostera
Magnak berreskuratu du
aintzinako joera
lobby ezberdinen esku
utzirik egoera
galdeketa suntsitu
ta galdera sobera
herrien borondatea
non gelditu ote da?
Harrobiaren gaia
ez denez ausaz irten
herritar ugarik du
odola irakiten
Parlamentuan badago
hamaika astakirten
zein zerbitzatzen dabiltzan
ez da zaila jakiten
jendarte hontan batzuk
zein ederki dakiten
jendea mintzo denean
gorrarena egiten
Jendea mintzatu da,
gazte, heldu, nerabe…
zapalkuntzaren aurka
eta Baztanen alde
argi dago bertatik nork
egin behar duen alde
menpekotasun garaiak
iraganean daude
ez dugu zertan izan
jauntxoaren mirabe
Erdiz Bizirik nahi dugu
ta Baztan burujabe
Erdiz bizirik