Enare Muniategi
Enare Muniategi

2018-10-01

Erasmuseko ikasleak

Erasmuseko ikasleak –

Erasmuseko ikasleak

 

Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke

 

Zerbait atzean utzi ohi dugu

erabakiak hartzean

eta atzerrira joan ohi gara

ardi galduen antzean.

Herri berria, etxe berria

lagun berriak klasean.

Nahiz herrimina izan batzutan

zein triste egon lantzean,

holako gauzak ez dira egiten

Gazteetan egin ezean.

 

Gaztetasuna ta abentura

doaz elkarren eskutik,

gauak luzeak, zerbeza merke

ostean klasean zutik.

Nahiz eta sarri dirua atera

behar ez dauen lekutik,

bidaia hasi eta pozarren

gaude guztiok ordutik.

Ordua ahaztu ta egin dezagun

Sortzen zaiguna barrutik!

 

Eskutik kendu dugu erlojua,

ez dakigu zer den prisa

eta egun denak dira politak

nahiz eta eguraldia grisa.

Baina biziraun ere egin behar

eta ikasten gabiltza,

gurasorik ez, beraz, hau da hau…

bazkalorduko ekaitza!

Egia esan ez da hain txarra

kongelatutako pizza.

 

Ez da erreza denok lortzea

egotea hain gustura,

jende berria ezagutzean

norbere beldurren muga

“Gustoko al naute talde barruan?”

nabarmendu ohi da duda.

Bizi estilo, pertsona anitz,

hamaika mila kultura,

ezjakintasun horretan ere

topa leike abentura

 

Jakin nahi nuke gure bidaia

hasita orain ta hemen

noiz edota non bukatuko den

edota bukatuko den

hemendik eta urte betera

zertan bihurtuko garen

Jakin nahi nuke jakin ahal bada

ze aldaketa, ze garapen

bihar etzi nor izango garen

edo eta nor ginen lehen

Erasmuseko ikasleak