2016-12-09
Erabakiak
Erabakiak
Kafea ala tea, zuria ala beltza, parrandan irten ala liburu bat irakurri, gizon ala emakume jokatu, bikotearekin utzi ala igande arratsaldeak konpainian eman, lan proposamen berria ala konfort gunea, kartzelako lanari umorez edo modu tragikoan heldu, lagunari mina egingo dion sekretua kontatu ala bera enteratu arte itxaron, gaixorik duzun senidea erresidentziara eraman ala super-heroi izaten segi. Erabakiak.
Egunero hartzen ditugu erabaki txiki edo potoloagoak. Batzuk erraz hartzen ditugu; besteak, kostata. Batzuk hartu ostean damutu egiten gara, agian, besteak hartu ez izanaz adina. Asko eta asko hartu ere ez ditugu egiten.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu batzuetan. Baina bizitzaren erreferendum txikietan galduta ibiltzen gara, geure buruarekin ditugun herri-galdeketetan deslai. Askotan nahiago izango genuke barne diktadura batean bizi, edo sasi demokrazia estalian. Besteek gugatik erabaki dezatela, bizitzaren egoerak erabaki dezala, korronteak eraman gaitzala nora goazen konturatzeke.
Erabaki nahi dugu, baina ederra putakeria erabaki beharra. Sarrionandiak esaten zuen, bai: eskubidea obligazioa da. Eta, ustez, eskubideak bai, baina obligazioak ez zaizkigu hainbeste gustatzen.