Plaza generalista bertsoaren erreproduzigarritasun teknikoaren garaian
Entzule abstraktuaren diktadura –

Bertsolaritzaren aberastasuna plaza-zirkuitu partikularrak dira akaso: zirkuitu gaztetxeroa eta retro-folka, literarioa eta esperimentala, feminista eta komunista, fusiozkoa eta fisiozkoa. Era berean, plaza partikularrek entzule partikularrak biltzen eta erreferentzia-sistema partikularrak osatzen dituzte. Aitzitik, bertsogintzaren goren maila, kanona, bikaintasuna, plaza-zirkuitu generalistak —txapelketaz ari naiz, baina ez bakarrik— sintetizatzen du. Horietan, ordea, nor dira entzuleak eta zein erreferentzia-sistema? Gure garaiko bertsolaritzaren ezaugarririk behinena baldin bada dibertsoaren eta kanonikoaren arteko elkarrizketa, dibertsitatea eta kanona gauzatzen diren zirkuituen nolakotasuna ezagutzea premiazkoa da, elkarrizketan parte hartzeko edo gutxienez elkarrizketa ulertzeko. Datozen lerroetan plaza generalistaz zertzelada batzuk ematen saiatuko naiz; zehazki, plaza mota horrek entzule abstraktuarekin eta erreproduzigarritasun teknikoarekin duen loturaz. Zentzuren batean, plaza partikularrak diren aldetik, Gaztetxeak Bertsotan zirkuituko saio batek edo ekainaren 28aren inguruan egindako batek ezaugarri gehiago dituzte komun 60ko hamarkadan Zaldibian egindako bertso-bazkari batekin egungo txapelketako saioekin baino. Ziurrenik beste zentzu askotan ez.
Lehenik eta behin, bilatu Joxe Mari Iriondoren argazki bat Googlen. Joxe Mari Iriondok bazekien bertsolari askoren gogoz kontra aritzen zela bertsoak grabatzen; handiak eta askorengandik entzun izango zituzten bai aparatuak eta bai hark ere. Lazkao Txikik bertsolarien gaitz guztien pagaburutzat zuen magnetofoiaren sortzailea: “Zinta barnean sartu beharra / gure kontu itsusiak / aparato hau asmatu zunak / zeduzkak kulpa guziak”. Horrekin aski ez eta asmatzaile madarikatu hark kartzela-zigorra —ez kondena luzeegirik, nolanahi ere, eskarmentua hartzeko adinakoa baino ez— ondo merezia zukeela ebatzi zuen Lasartek: “Aparato hau nik gorroto nun / oso gaztea nitzala, / hau sortu zunak merezi luke / pixka bateko itzala”. Lehenaz gain, izan zen ekintza zuzena jorratu zuenik ere. Joxe Lizasok esana da grabagailuen kontrariorik porrokatuena, berak ezagutu zituenetan, Uztapide izan zela. Behin, Donostiako San Telmora bertsotara joanda, “mikrofonora gindoazela, han ikusi du Patxi Mujikaren katxarro zaharra txirri-txarra, jira eta bira. Eta inor inguruan ez. Uztapidek, disimuloz alde guztietara begiratu, eta bere bota handi harekin, da!, zapaldu zuen goitik behera”. Euskal Herriko txapela hiru aldiz jantzi zuelako ez ezik, Ned Ludden ordezkari bertsolaristiko gisa ere pasa beharko luke Uztapidek bertsolaritzaren hall of fame partikularrera.
Teknologiaren kontrariorik erradikalenak gorabehera, bertsolariek, testuinguruan alkahuete arrotz hura sumatuta, gaitzat hartuko zuten eta hari buruz kantatuko. Hasiera batean, grabagailua testuinguruan akzidentalki sartutako objektua izango zen, artean ez zituen plazaren egitura eta izaera bere irudira konfiguratu izango: bertsolariek grabagailuari buruz kantatuko zuten, bai, baina ez zuten grabagailuarentzat kantatuko. Hau da, beren entzule immediatuentzat kantatuko zuten komun zuten testuinguru immediatuari buruz, eta grabagailua testuinguru horren osagai bat gehiago baizik ez zen izango.
Denbora kontua zen, ordea. Ondorengo hamarkadetan, grabagailuek eta kamerek plaza jakinetan erdigunea hartu bezain pronto, kontrakoa jazoko zen: grabagailuarentzat kantatzea grabagailua aipatu ere egin gabe. Geroztik, grabagailuak ezin du izan, nahita ere, testuinguruaren elementu bat gehiago, testuinguruaren muina antzaldatzen duen zerbait delako. Egun, grabagailuari aipamena egiteak —txapelketan gaia emanda binaka gabiltzala, esaterako— laugarren horma haustea lekarke, eszenifikazioaren eta erretransmisioaren sorginkeria zapuztea. Grabagailua da elefantea logelan. Bertsogintzaren erreproduzigarritasun teknikoaren garaian gaude.
Kondizio berriaren gaineko kontzientzia kritikoa izan du zenbaitek. Egañaren ustez, bertsotan egiteko moduarengan eragina izan du irratiaren eta telebistaren presentziak: bertsolariak “irratiz nahiz telebistaz emangarri” den zerbait egitea bilatzen du. Esan nahi baita, “erreproduzitutako artelana, geroz eta gehiago, erreproduzitzeko pentsatuta dagoen artelanaren erreprodukzioa bihurtzen da”, Benjaminek zioenez. Gartziaren irudiko, aldiz, mediatizazioak gaijartzaileen figura hauspotu du. Hala, “eskaintzen diren bertso-saiorik gehienak gaijartzaileekikoak dira […]. Libreko saioak grabatu grabatzen dira, baina zail izaten da ikusentzuleekiko lotura (testuinguru amankomuna) lortzea. Teleikusleari ere ulergarri zaion testuingurua sortzea da, oro har, telebistako jardunak duen koxkarik handiena”.
Bada, bertsogintza bere erreproduzigarritasun teknikoaren garaian sartu zen eta, hain justu, oinarri horren gainean sortua da plaza generalista. Izan ere, erreproduzigarritasun teknikoak plazako entzuleria —berez, partikularra eta determinatua dena— orokor eta indeterminatu bilakatzen du: edozein ari liteke zu orain eta hemen egiten ari zaren ariketa kontestuala nahinon eta zeinahi momentutan entzuten, eta horrek orain eta hemen entzuten ari dena ere edozein bihurtzen du. Ondorioz, bertsolaria ere edozeini zuzendu behar zaio. Plaza generalistan, bertsolariak ez du aski sentsibilitate kulturala edo soziologia intuitiboa izanda, ez du aski igurtziarekin, estatistika ere jorratu behar du: jada ez du plaza irakurri behar —edo hori ez da printzipala, behintzat—, egin behar duena da bere entzule potentzial guztien batez bestekoa atera eta batez besteko horri kantatu, entzule abstraktua eraiki. Gainera, estatistika-lan hori ez du tokian bertan eta bat-batean egin beharrik, aurrez egin dezake. Egiaz, aurrez egin behar du.
Entzule abstraktuaren inguruan egituratzen den plaza generalista da bertsogintzaren plaza zentrala eta, nolabait, entzule abstraktua da haren ezkutuko subjektu konkretua eta subiraua. Errealistak izanda, entzule abstraktua edonon egon daitekeenez, plaza partikular purua sortzeko, gaur egun, mamu erreal horren injerentzien aurkako segurtasun-neurriak ezarri beharko lirateke: aretoko atean mugikorrak konfiskatu entzuleei, entzule potentzialki abstraktu horiei, eta beren partikulartasun biluzian sartzera derrigortu. Gaur egun, edozein tokitan botatako edozein bertso da, potentzian behintzat, teknikoki erreproduzigarria, eta hori bertsolariak badaki. Entzule abstraktua begira eduki dezake begira ez badauka ere eta, ezinbestean, ikus-entzunezko informazioaren norabide bakarreko fluxu horrek —entzule abstraktuak bertsolaria ikus-entzun dezake, baina bertsolariak ezin dezake entzule abstraktua ikus-entzun, deduzitu baizik— eragina dauka haren psikologian. Panoptikoki, bertsolaria bera ere bere buruaren entzule abstraktua bihurtzen da. Bertsolariak kantatu behar du kaletik doazela norbait grabatzen ari balitzaie bezala ibiltzen diren pertsonak ibiltzen diren bezala, baina benetan bakarrik dago.