2018-10-29
Emakumeak ez dira
Emakumeak ez dira –
Aldaketek, egiazkoak izan daitezen, ezinbestekoa dute prozesua hasi, mamitu eta gorputza hartzea. Eta hiru urrats horiek emateko, denbora behar dute.
Prozesuak behar duen denbora baino lehen amaitutzat eman nahi diren transformazioak ez dira benetan transformazio izatera iristen. Azkarregi jotzen dira “gainditutzat” aldatu beharrekoak, eta arazo zaharrek sustraietan egoten jarraitzen dutenez, behin eta berriro azaleratuko dira hutsuneak.
Baina lekuz kanpokoa izango da berriro aldaketa aldarrikatzea, ofizialki prozesua burututzat jo baitzen.
Halako zerbaiten kezka sortu zait azken aste hauetan “bertsolaritzan mutil-gazteen belaunaldia galtzeko arriskuan gaude” eta “genero garden baterantz jo behar genuke” bezalako esaldiak entzun ditudanean. Mamitzen hasi baizik egin ez den aldaketa bat amaitutzat jotzen ari zirela iruditu zait, horrek duen arrisku guztiarekin.
Zenbat emakume dabiltza plazaz plaza bertsotan? Zenbat denbora da horietako bakoitza plazan dabilela? Zenbat Txapelketa Nagusitan kantatu dute? Herrialdeetako zenbat txapel dituzte? Zenbat iritsi dira plazaz plazako ibilbidean erreferentzia izatera? Horietako zenbaten bertso-ibilbidea goraipatzen da, bertsolariaren izen-abizenak emanda?
Genero-desberdinkeria gainditzeko gakoa ez baita aukera berdintasuna, posizio berdintasuna baizik. Plazaz plaza bidetxoa egiten hasi diren emakume bakan batzuk ikuste hutsarekin aldaketa gauzatutzat ematen badugu, ez gara ari genero-sistemak gizartean duen pisuaren eta eraginaren neurria aintzat hartzen.
Bestalde, gizon bertsolari gazte asko ikusten ditut nik, esaterako, gazte-txapelketetan. Gehiengoa dira. Baita herrialdeetako txapelketetan ere. Eta hala ez balitz ere, irits gintezke genero garden batera gizonentzat emakumeek erreferente izan ezin badute?