Oihana Bartra
Oihana Bartra

2019-01-16

Emakume bertsolari

Emakume bertsolari –

Nereari irakurri diot Gaztezuloko elkarrizketan askotan bertso saioetan Nerea Ibarzabal izateari utzi eta emakume bertsolari bihurtzen dela. Emakume bertsolari. Saioko emakume bertsolaria. Saioko emakume bertsolaria 1 edo saioko emakume bertsolaria 2. Etiketa horren pean irakurtzen gaituzte askotan. Hori ere bagarelako, emakume eta bertsolari. Baina ez hori bakarrik.  

Emakume bertsolari
Irudia: Kulturklik

Oholtza gainera adi samar begiratzen duenak berehala ikusiko du Ibarzabal bertsolari umoretsua, ateraldi zorrotzekoa eta inteligentea dela, adibidez. Edo arin ohartuko da Martinek umore absurdoa eta bertsokera poetikoa darabiltzala, besteak beste. Gozatuko du Elustondoren umore beltzaz eta aurpegiko giharrik mugitu gabe botatako ziztadez. Erraz antzemango ditu Uriaren zorroztasuna, Enbeitaren naturaltasuna, Alberdiren genialtasuna edo Amurizaren kalitatea. Edo Alberdiren naturaltasuna, Enbeitaren zorroztasuna, Uriaren kalitatea eta Amurizaren genialtasuna zen? Entzun nahi duen belarriaren gozagarri izango dira Akizuren maila, Mendigurenen lotsagabekeria edo Pagolaren eztena. Batzuetan Labaka inpertinente bat ikusi ahal izango du belarri horrek, Artetxe erradikal bat, Zelaia jostari bat, Arzallus sakon bat, Perea zirikatzaile bat, Iguaran jantzi bat. Beste batzuetan abizenak eta adjektiboak trukatuko dira eta konbinazio berriak sortu.

Argi dagoena da bertsolari horietako bakoitzak zerbait aportatuko diola saioari, zerbait desberdina eta bakarra. Bertsokera bat, umore bat, hizkera bat, mundu ikuskera bat. Baina gutako bakoitzean emakume bertsolari bat baino ikusten ez duenak hori guztia galduko du. Edo beste zerbait.

 

 

*(Goiko abizenen lekuan irakur zitezkeen Agirre, Arriolabengoa, Arregi, Ibarra, Loizaga, Alkaiza, Arana, Agirreazaldegi, Muniategi, Amenabar, Arrizubieta, Sarasola edo Lazkano ere. Edo beste hainbeste. Bakoitza desberdina eta bakarra).

Emakume bertsolari