2023-04-24
Egin ikusgarri
Egin ikusgarri –
Bertsoa ataria elkarrizketa-erronda egiten ari da joan den abenduan Iruñeako finalean oholtzaratu zirenei. Sumatzen zaie elkarrizketatuei tartea izan dutela han bizitakoa liseritzeko, eta eskertzen du hori ikus-entzuleak ere. Txapelketako saioa bukatu berri, aurpegian oraindik tentsioaren riktusa ezin gordez esandakoek ere badute interesik, noski, baina gehiago hartu behar dira kirol-estiloko elkarrizketatzat. Partidaren gorabeherak eta norbere mendi errusiar partikularra modu berehalakoan komentatzeko dira baliagarri, baina horraino.
Aipatutako elkarrizketa-errondan dago Nerea Ibarzabal ere, ezin bestela izan. Finaleko bertsoaldi bat aukeratzeko eskatutakoan, arratsaldeko bakarkakoa aipatzen du berak. Baina hori aukeratzeko arrazoiez galdetuta, kirol-elkarrizketan ezinezkoa zatekeen erantzuna ematen du Nereak, eta horixe da justu elkarrizketaren titulartzat aukeratutakoa: “Abusuak jasan zituzten neska dexente hurbildu zaizkit finalean guztiz errepresentatuta sentitu zirela esanez”. Bertsoaldia aukeratu du, ez unean (edo saio ostean) gehien bete zuena izan zelako, ondoren eragin duenagatik baizik. Eta, horrekin batera, titulargarritasun-maila galanta duen beste hau ere badakar Nereak: “Bagenekien abusuak egin izan dituztenak ere egongo zirela han, ahots horiek entzuten”.
Bertsolaritzak gizartean duen balizko eragin sozialaz tesi bakarra ez, ehun egin daitezke (seguru egina dagoela baten bat). Badago zer aztertua, hasi garai bateko bertso paperetatik, segi frankismo beranduko saioen antolaketa eta funtzioarekin, eta gaur egungo identitaren krisi-garaiotara iritsi arte. Lurrera etorrita, ordea, eta Nerearen bakarkakora itzulita, ez dago tesirik egin beharrik ondorio errealista samar eta zoritxarreko batera iristeko: alegia, bertsoaldiaren eragin eta interpelazio-maila graduatzea zilegi bada, behintzat, Nafarroa Arenako ikus-entzuleen artean, iraganean abusuak jasan zituzten emakume gehiago sentitu zirela interpelatuta, abusuak egin izan dituzten gizonak baino.
Noski, ez diezaiogun kontuari ikuspegi murriztailearekin begiratu: Nafarroa Arenan egon ginen milaka lagunongan izan zuen eragina bertsoaldiak. Nereak jasotako feedback-ak nabarmen osatu du eragin hori, gainera: garrantzitsua da abusuak jasan dituztenei ikusgarritasuna ematea (Nereak elkarrizketan egin duen bezala); eta garrantzitsua da, era berean, abusuak egin dituztenei ere ikusgarritasuna ematea.