2020-02-10
Egiei
Egiei –
Doinua: zure bular politak
Egia hitzak berak sortu tragediak
hitz soil batek dituen hits handiegiak
Singular deklinatuz datozte erdiak
Egirik ez baitago, badira egiak.
Gezurra ta egia egia gezurra
egiari askotan diogu beldurra
denek haiena dute, bakarra, segurra
zalantzan sartu arte, laua al da lurra?
Galileo berari zioten ikara
Egia esatea arriskutsua da
Gezur ttipi erosoz ohitu gara jada
egiaren babesle gezurtiak gara
Egia esateko dira mila modu
Baina besteenari beldurra diogu
abiadura hazten doa orduz ordu
twiterrek zientzia ordezkatuko du
Lehen Elizarena salbazioen truk
burgesiak hartu du erreleboa sut
egi unibertsalik ez aipatu sustut
bihar horoskopoa irakurriko dut
Gezurrak hartzen ditu gorputz eta heste
pinokioren sudurraz fidatu gaitezke
etangabe esanez, sinetsiz hainbeste
gezurrak ere egi bihurtu daitezke
Ez dakit zer sinetsi, ez nago seguru
goitik etortzen zaizkit egi ta aburu
nik gugan sinesten dut, ahalak ditugu
gure mesedetako egia nahi dugu
Filosofo onenen arteko atake
Egirik ba al dago? (gureaz aparte)
Guk segituko dugu lanean jo take
egia ta ametsa bat bihutu arte