Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-01-18

Egia-hezur

Egia-hezur

J.K. Igerabideren ostutako esaera hau beti lotu dut bertsogintzarekin. Gure kezkak, ametsak, ideiak … hezurmamitzen ditugulako izan daiteke, edo esaldi horri “gezur” hitza sumatzen zaiolako usnatuz gero.

Zer da fikzioa gezurra ez bada? Ba bertsolari batentzat, erregistro bat. Bere burua atzean babesteko katamaloa, maskara, gotorlekua; entzulearentzat ispilu izan nahi lukeena.

Beti miretsi izan ditut egun triste baten ostean jendeari algara eragiteko gai diren pertsonak. Beti iruditu zait desiragarri negargura oholtza/kamera atzean utzi eta aurpegia aldatuta pertsonaiara salto egiteko gaitasun hori. Oasi moduko hori basamortuan; ze alaitasuna, antzeztua bada ere, animagarri da gorputzarentzat -probatu ezazue bestela, triste egonda irribarre bat behartuz, hirugarrengoa ez duzue bortxatu beharko-.

Egia-hezur

Neronek ere probatu dut aurten, saioren batera pattal, leher eginda edo bestelako kezkekin iritsi eta motxila hori gabe igo beharra oholtzara; bat-batean ez gara ni eta kezkak mikrofono berean kabitzen. Eta ei, zin degizuet saioa amaitzean pisu gutxiago izaten duela ekarritako motxilak, gutxiago sumatzen zaio behintzat.

Baina zenbatean egiten dugu gauza bera alderantziz? Zenbatetan abesten diegu tragediei? Sentipena dut, batzuetan errazkeriaz jotzen dugula biktimen paperetara, ikus-entzuleengana iristeko bidezidorrak bailiran. Beste tragedia batzuei, aldiz, gehiegi kantatzen diegu. Presoen egoerari gehiegi abesten diogu esaterako, baina ez nahikoa, hala ere . Eta guk pertsonaiatik egiten dugu hori, gero ez daramagu motxila hori bizkarrean oholtzatik jaistean, egunero-egunero.

Gezurrak eraikitzen ditugu egiaz abestu ahal izateko. Fikzioa egiten dugu gure bizitzarekiko, beste askoren bizitzari oholtzan leku bat egiteko, euren ahotsei oihartzuna eskaintzeko.

Eskuak patrikan gordetzen ditugun bezala, gure beldurrak, inbidiak, eta “zuzenak” ez diren edo mingarri diren beste gauza asko pertsonaien atzean ezkutatzen ditugu. Ez dakizue zenbat urte behar izan ditudan poltsikorik gabeko prakekin oholtzan eroso sentitzeko. Oraindik ez naiz ausartu pertsonaiak eranztera. Egia esan, nik baino gauza askoz interesgarriagoak dituzte nire pertsonaia batzuek kontatzeko. Euren azalari nire mamia jarri nahi izaten diot, gezurrari haragi forma eman. Egia aspergarri delako, hezur hutsa. Egia-hezur.

Egia-hezur