2022-11-29
Edonora eta edonoiz
Edonora eta edonoiz –
Askotan ez da nora edo zertara goazen. Ez du ardura bertso bi kantatzera edo ordu biko saio musikatu batera goazen, bueno bai ardura du eta ardura dit. Baina, are gehiago norekin noan.
Bizitzako beste esparru batera eroanda adibidez, ez da berdina lagunekin edo familiarekin oporretan joatea, nahiz eta leku berdinera joan plana ez da berbera izaten. Nahiz eta konpainia biekin hondartzara joan, gurasoekin goizeko hamarretarako herri bi bisitatu edo hondartzarako tartera prest izatea gerta daiteke. Lagunekin, ostera, hamarretan supermerkatuan erositako chocapic bowl bat jaten hostaleko terrazan, desordenatutako maletatik bainujantziak atera gabe, eta eguerdirako koadrila guztia hondartzara helduko denaren esperantzan egotea ez litzateke arraroa. Plan biak dira onak, baina, esan nahi dudana zera da, norekin horrek, guztiz aldatzen duela plana, nahiz eta leku eta sasoi berdinean izan.
Eta bertso saio baten berdina gertatu ohi da. Ez dut esan nahi saio bat “marroi” bat izan daitekeenik, baina, batzuetan sentsazio hori izan dugu, eta onartzea ere ez da txarra. Izan daiteke norberak aldrebesko eguna izatea, edo saioaren planteamenduak ez funtzionatzea, baina, desagertu nahi izate horretan alboko kantukidea, kidea, laguna, eta konplizea baduzu, dena da errazagoa.
Negarguratik barrea ere irteten da holako batzuetan segun eta norekin gauden. Beraz, noiz, non, edo zertara galderak garrantzi handia dute, baina, norekin da garrantzitsuena, nire ustez ekuazioaren emaitzari buelta emateko gai den elementua hori baita.