2022-06-17
Edonon, edonoiz
Edonon, edonoiz –
Goizeko 2:00ak, [txertatu hemen tabernaren izena], besoa sorbaldak inguratuz pasea, beste eskuan tragoa, eta elkarri txandaka belarria jaten. Ez, ez gara ligatzen ari (guk ez dugu hori egiten!), bertsotan ari gara.
Lagunarteko egun edo asteburu pasa, kotxean, bazkalostean, poteatzean, afalostean, parrandan [itzuli lehen paragrafora]… bertsotan.
Bertso eskolan ibili garen bertsozale guztion gaitza dela esatera ausartuko nintzateke. Bertsotan dakiten lagunekin elkartuz gero, ezinbestean sortzen zen jario bat: izan buruz genekizkienak gogoratuz edo izan unean elkarrekin sortuz. Inguruko gainerako bertsozaleak gogaitu arte eta gehixeago jardun. Topatzea egitea zen.
Ez da nahastu behar norberari sortzen zaion gogoa, uneak dakarrena, eta parrandan inor gerturatu eta bertso bat eskatzea. Bertsotan dakien edonork bereizten ditu biak oso argi, lehena atseginetik; neketik bigarrena. Eta nekatu izan gaitu kanpotik heldutako eskaerak, gure gogotik abiatutako jardunak ingurukoak nekatu izan dituen beste.
Nire galdera da, noiz utzi (ge)nion hori egiteari. Ze momentutan galdu (ge)nuen bertso eskolako lagunekin etengabe kantatzeko gogoa, edo aukera, edo ilusioa. Eta ziur asko orain gehiago kantatzen dugu eta ez dugu premia hura sentitzen, eta gure arteko elkartzeak bertso eskola baino gehiago dira koordinazio bilera. Akaso hastapeneko mendekotasun hura gainditzen ari gara.
Kontua da, herrialde katalanetako glosadoreekin elkartzen garen aldiro, ikusten ditudala saio aurretik eta saio osteko edozein korrotan elkarrekin kantuan. Saio osteko bazkalostea, elkarrekin glosatzen pasako dute. Eta sentitzen dut guk horren zatitxo bat galdu dugula (edo nik behintzat).
Ustekabeko bertsoa desagertu samar dago parranda giroa ez den espazio informaletik. Eta, ondorioz, bertsotan dakiten bertsozaleei espazio informala desagertu zaie. Ez da paisaiaren parte. Nahi duenak bilatuko du non egin. Eragin ere egingo dugu, giro informalagoan bertso eskolako kideak kantura ateraz. Eta horietan, ertz batean eseri eta entzun egin nahiko dut.
Besteen belarriak jateko neukan gogoaren bila nabil.