2024-02-02
ECO-FRIENDLY SAIOAK
Eli Pagolari ostu diot eco-friendly saioaren kontzeptua, JAKIN 259. aldizkarirako bertsolaritzaren inguruko gogoetan aipatzen baitu, 2023ak bertsogintzan emandakoaren inguruko hausnarketan. Bertan dio, urtean zehar oso saio gutxi egiten direla seikoak, are gutxiago zortzikoak. Eta beraz, egun saio gehienetara partaide guztiak kotxe bakarrean joateko moduan daudela.
Pagolak ironiaz egiten duen keinutik harago (eta ziur berak ederki pentsatua duela), zer litzateke eco-friendly saio bat? Edo bestela galdetuta: zein da gure saioen karbono aztarna? Urte asko da, nik artean plastikozko botilak problematizatu gabe nituela, txapelketatan kristalezko botila haiek agertzen ikusi nituela. Eta ikustean bai, kolpera ohartu urtean zehar saioz saio xahutzen ziren plastiko botilez. Elkartearen gonbidapen bat zen, gainerako saioetan imitatzeko. Ezin esan, plastikozko botilak saioetatik desagertu direnik; neronek izango ditut kotxean edo poltsan, edo nonahi pilatuta azken saioetako bat edo beste. Berrerabiltzeak ez gaitu murriztetik salbatzen.
Bertsolari gisa plazaz plaza ibiltzeko ezinbestekoa da kotxea ere, norberea ez bada kide batena. Interesgarria litzateke bertsolari bakoitzaren ikuspegitik urtean zehar garraio publikoan irisgarri liratekeen saioen zerrenda osatzea (ez lirateke 10etik pasako hirian bizi direnen artean, are gutxiago hain ondo komunikatuta ez dauden herrietan bizi garenon kasuan). Akaso ohartuko ginateke, aurkako ordutegietan mugitzen garela bertsolariok eta garraio publikoa, nahiz pandemiagatik orduz aldatu diren saio batzuek hori ere erraztu.
Aukera sinpleagoa litzateke ziurrenik, zero kilometro irizpidea gure saioei aplikatzen hastea, zenbait antolatzailek ohi duten bezala, herriko edo inguruko bertsolariak saioetan txertatuz. Entzuten ditut larrialdi klimatikoaren inguruan politika klimatikoak sustatzeko deiak, eta irudikatu nahi nuke ze itxura luketen gurean: imajinatzen Lanku tasa ekologikoa kobratzen bertsolarien desplazamenduengatik? Horrela esanda zorakeria dirudi, batez ere etxe atarian kantatu edo bi-hiru orduz gidatu berdin kobratzera ohituta dagoen sektore batentzat. Berez, saioko tarifa orokorra izan ordez, beste zenbait lanbidetan egiten den modura lanaren ordaina X izatea litzateke aukera, eta horri dietak eranstea (bidai gastuak).
Gainerakoan, nahiko eco-friendly da gure jarduna, megafonia den kasuetan argi-indar apur bat, eta txaloen energia zinetikoa (berriztagarria dena). Ez gara gu, mundu mailako birak ematen ari diren abeslari edo hegazkin pribatuan desplazatzen diren kirolariak. Eta hala ere, izango dira kotxea partekatzeaz eta ura edalontzian edateaz gain har ditzakegun neurriak. Berde izatera heltzeko berde xamar gaude.