2024-04-29
Dirutan
Idazle batek idatzi du sare sozialetan nola deitu dioten hitzaldi baterako “alde bientzat” debaldeko saioa izango dela esanez. Hasperen bat atera zait.
Dirutan –
Ez du merezi telefonoz ezagutzen ez duzun inorekin eztabaidan hasteak, baina hasteko eta bat, idazle, bertsolari, kirolari, musikari zein sukaldari batek antolatzailearen herrira joan behar badu, alde bientzat ez da debaldekoa izango. Argi dago, herrian dagoenak ez duela gasoilik, trenik edo autobusik beharko. Bigarrenik, artea edo kultura eskaintzen ari denaren lana ez errespetatzea da doakotasunaz hain arinki mintzatzea. Gauza bat baita, sinisten dugun kausa baten alde gure artea eskaintzea eta beste bat, guk erabakitzen ez dugun talde edo kausa bati gure denbora eta jakintza ematea. Ez nago artea edo kultura, hala behar denean, debalde eskaintzearen kontra, baina inork ez gintuzke horretara derrigortu behar. Eta hirugarrenik bat nazkatu egiten da halako proposamenez.
Bertso bat botatzea hogeita hamar segundu ziztrinetan gertatzen den ekintza bat da, baina minutu erdi horretan dirkurso koherente bat errimatzeko, kideei erantzuteko eta publikoa ondo irakurri ondoren, harengan eragin dezaketen hitzak aukeratzeko, ordu asko sartu behar dira aurretik. Ordu horiek guztiak ezin ditu antolatzaile bakarrak ordaindu, jakina, baina antolatzaile bakoitzak eta guztiek errespetatu behar lukete bertso batera iritsi aurretik bertsolariak egiten duen lana. Edo liburu bat idaztean daukan prozesua.
Kontua ez da “bota bertso bat”, eta kito. Ez gara tabako makinak. Guri ahotik dirua sartu arren, ez zaigu alutik bertsorik ateratzen hala nahi ez badugu, eroso ez bagaude edo errespetatzen ez bagaituzte. Eta idazlearen txioa irakurri dudanean neure burua ikusi dut ezetz esateko aitzakiak asmatzen, deitu didanak ez duelako ulertzen nire etxetik ordu biko bidaia egin dezadan baino errazagoa eta logikoagoa dela, inguruan bizi den beste bertsolari bati deitzea halako kasuetan. Nik maite baitut bertsotan egitea, baina lana ez denean, amoreagatik egiten dudanean, gustatu egiten zait non eta nola egin aukeratzea.
Gai korapilatsua da, eta ertz bat baino gehiago ditu. Nik hau idazten dihardut, baina askotan esaten dut baietz kobratuko dudanari edo ez dudanari erreparatu gabe; hala ere, aitor dezadan, askotan itzuli naiz etxera haserre. Batez ere, amorrua ematen dit musikariei, bertsolariei, idazleei… gure tarifak nola erregateatzen zaizkigun ikusteak soinu eta argi enpresek kobratu egiten duten bitartean. Zer esanik ez udaletako teknikariek hilabetero euren soldata dute eta inork ez du asko edo gutxi den zalantzan jartzen, guk sekulakoak entzuten ditugun bitartean.
Ez dut bertsoez aberastu nahi, eta ez dut daukadana baino gauza material gehiagorik behar. Hori bai, gure jarduna errespetatzea nahi dut, eta gure gizartean prezioa zalantzan jartzeak errespetu gutxitxo erakusten du: bai azokan eta bai bertso plazan. Beti iruditu zait klasista samarra erregateatzeko zera hori: bestearen gainetik jartzeko saiakera iruditzen zait. Prezioa zalantzan jartzen duena balioa zalantzan jartzen ari dela esango nuke, eta asko maite dudan bertsolari batek behin, saio amaieran esan zuen bezala: “honek balio duena ordaintzeko dirurik ez dago, baina gaur 200 euro kobratuko ditugu”. Izan ere, gureak zenbat balio duen entzun eta entzun bekokia ilundu egiten zaio bati.