2024-09-20
Deskafeinatua
Deskafeinatua –
Doinua: Konfesatuta hau esateko
Zertaz fidatu, izena ezin
bada izanetik osa:
Ezabatzen den permanentea
freee tour garestien poza.
Auskalo noren “beti gogoan”
jartzen duen harri losa,
erdia faltan Landaberriko
ilbetearen kaosa,
hogei zaldiko potentziadun
citroen dos cavallosa.
Azokan porru saltzen ari den
langile jubilatua,
lorik galdu ez dezan hartuta
kafe deskafeinatua.
“Hiru puntuak lortu ditugu”
dion futbol zaletua,
Real Madrilek eskuratzean
txapeldunaren lekua
Neptunoraino paseatzen du
autobus gaingabetua.
Almendra edo arroz esnea
gosarien zutabea,
animalien askapenaren
aldeko txakur jabea,
gorputz handia duen ardoa,
aire bidezko labea,
Zein da kotxea gidatu behar
duenaren edabea,
zerbeza zero koma zeroa
edo alkoholik gabea?
Diru laguntza berdeak ditu
nuklearren energiak,
soka etenak korapilatzen
dituzten katebegiak,
telebistako forentseen film
irribarretsuegiak.
Almazenean torlojurik ez
daukaten ferreteriak,
txibiak tintan eta bakailao
kroketen harategiak.
Hogei urteko euskaldun zaharrak,
lentilak dauzkan Nobita,
ume bat Eder izenekoa
ez bereziki polita,
irratirako podcasta deitzen
zaion bideo kronika,
lasterketetan jendea oinez
eta martxetan korrika,
barraskiloak hiltzen dituen
eskarolaren botika
Erasmus Hego Amerikarrak,
ateak zabalik ixten,
mareak bizi, itxaso hila.
Buelta Frantzian ziklisten
astelehenei, atseden egun
diegunetik irizten,
izena duen oro badela
zailagoa da sinisten,
kontraesanak izateko lain
ere ez dira iristen.