Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-09-01

Desitxuraz

DesitxurazDesitxuraz

Esan nahi duguna silabatan ezin izaten da kabitu batzuetan, azken puntu borobil bat formulatu, baina, errima faltagatik esaldia desitxuratu egiten dugu beste batzuetan. Nori edo zeri kendu pentsatu behar izaten da, eta ezintasunetik datorren egoera bezala kalifikatuko nuke nik. Eskuineko edo ezkerreko bertsoa sakrifikatzeari buruz hitz egiten dute batzuk, beste batzuk, ostera, ofizioko erritmoari eustea baino ez dugu helburu. Beraz, sakrifizioa bera ere desitxuratzen da egoeraren arabera, egunaren arabera, ezintasunaren arabera. Aurrekoan bertso eskolan bertsoaldi osteko hizketalditxo horietako baten irten zen gai hau eta buelta bueltaka nabil.

Esaten da zerbait aukeratzen denean beste zerbait albo batera uzten dela, oro har bizitzan esaera horren arrazoia ez da izaten bi segundotan hartzen den erabaki bat. Gauza handiegietara joan gabe, egunerokotasunean ere sarri gerta daiteke, pentsatuta genuena ezustekoz ez irtetzea, edo gure buruan imajinatutakoak, benetan beste hainbat faktoreren ondorioz, beste itxura bat izatea. Denbora, ingurukoak, nekea, asmoa, gogoa, zein gogo falta.

Gauzek 90 graduko bira eman dezakete, geure erabakiz edo erabaki ez dugun horren ondorioz, beste batzuetan 180 gradukoa izaten da bira eta espero genuenaren guztiz kontrakoa gertatzen da. Eta beste askotan erabaki handi bat hartzen ari garelakoan, bira 360 gradukoa izaten da, bidean mareatu egiten gara, nabarmen aldatuko delakoan leku berdinean amaitzen dugu, edo gaude, inora joan gabe. Nahiz eta bidean ahaztutako azken puntu bat, ulergaitza den bertso bat, edo hitzak desordenean dituen bertsolerro bat, ez diren hil ala bizikoak, gure burua estutzeko diseinatuta gaude antza. Hain estutzetik, geure erabakiz, edo hartu bako erabakiz, geure buruaren kontra, gu geu desitxuratzeraino, ezintasunetik edo ezintasuna dela sinestetik.