Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-03-12

Denak ez dira bertsolari izango

Urte dezente pasa dira Leitzako gaztetxoen bertso eskolako irakasle lanetan hasi nintzenetik. Aurten ere lan horretan nabil, ez bakarrik Leitzan. Ez da lan erraza bertso eskolako irakaslearena, esango nuke, gauza asko neurtu eta aurreikusi behar dira.

Denak ez dira bertsolari izango –

Denak ez dira bertsolari izango
Arg: ALMEN

Guk bertsolaritzaz dugun ikuspegia eta bertsolaritzarekiko daukagun gose eta maitasuna ikusten ditugu (edo ikusi nahi ditugu) ikasleengan. Baina, onar dezagun: denak ez dira bertsolari izango. Areago, 6 ikasleko talde batetik bi ikasleri irauten badie bertsotan egin nahiak, bada lorpen bat.

8-9 urterekin bertsolaritzara joaten den ikaslea, ingelesera, tronpeta ikasteko saioetara edo karatera joaten da. Izen-emate orrietan “zatoz eta probatu” jartzen dugu eta hori egiten dute ikasleek. Ondoren, bertsolaritza bere bizitzaren lehentasunetan daukan irakaslea tokatzen zaie eta bertsolaritza berak bezain sutsuki bizi dezatela nahi izaten du. Ba, ez da hola. Eta normala da. Ni ere ibili nintzen futbolean. Nik ere jotzen nuen saxofoia. Hantxe geratu dira bi afizioak.

Asko ikasi dut zentzu horretan. Nire buruarekiko presio hori kentzen ikasi dut. Ikasle bakoitzak asmo eta helburu ezberdinak ditu eta guk hori pertzibitzen asmatu behar dugu. Pixka bat nahi duenari, pixka bat baina gehixeago eman. Asko nahi duenari, dena eman. Ezer nahi ez duenari, ezer ez eman. Leitzan 14 urterekin ikasle zirenak orain “Bertso eskolan earki pasatzen giñun” esaten didatenean, pozten naiz. Helburu bat bete nuenaren sentsazioa dut. Bertsolari garenontzat edo izan nahi dugunontzat ez da erraza askotan hori onartzea, baina naturaltasun osoz egin behar dugu. 10 urterekin bertso eskolan ondo pasatzen zuen haurrak, 25 urterekin hiru trago hartuta parrandan puntuka aritzeko gogoa badu, bertso eskolak funtzio hori (ere) bete du.

Ez bedi gaizki ulertu. Honekin ez dut esan nahi ahaleginik egin behar ez denik ikasleek bertso eskolan jarrai dezaten. Erronka handienetako bat bertso eskolei jarraipena ematea da. 13-14 urte dituztenean (batez ere), askoren garai kritikoa izaten da utzi/ez utzi zalantza horretan. Ingurune bat eman behar zaie, eroso eta gustura egoteko lagun-talde bat. Hori hala denean, bertso eskola horri eutsi behar zaio nola edo hala. Horrek ez du esan nahi denak txapelketan izena emango dutenik edo denak lehen mailako bertsolari izango direnik. Gai jartzaileak behar dira. Epaileak behar dira. Elkartean langileak behar dira. Entzule sutsuak behar dira. Komunitatea behar da. Antolatzaileak behar dira.

Hor dago erronka eta hor dago kezka. Eutsi, ez estutu eta betirako lotu.

Denak ez dira bertsolari izango