Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2024-04-25

Dena aldatzen da...

Dena aldatzen da… –

Dena aldatzen da...
Franki baserria udaberrian

Julio Numhauser autore txiletarrak Suedian erbestean zegoela idatzi eta grabatu zuen Todo Cambia abestia 1982. urtean. Azkenerako ez zuen asmotan zuen diska hura ekoiztu; abestia baina, zaila izaten da isilarazten, eta Txileko aho-belarrietara iritsi zen doinua. Bi urte beranduago grabatu zuen Mercedes Sosak eta haren bidez iritsi zitzaigun gutako batzuei. Eta hain espabilatuak ez ginenok Ines Osinagaren ahotik aditu genuen Miren Amurizak letra euskarara itzuli ondotik. Edo, onar dezagun: bertso-udalekuetako gaubelan deskubritu genuen.

Aldatzen da azalekoa, / muina ere aldatzen da; / aldatzen da pentsaera, / munduan dena aldatzen da. Zehazki zer erraten ari zaren ez dakizun ingelesezko abesti horien moduan kantatzen nuen hasieran, baina urteen poderioz erranahi bat asmatu eta berrasmatzen aritu naiz txiletarraren ahaireari. Urtero, egunero, minuturo eta segunduro aldatzen zaigu mundua. Gutxitan irakurtzen dut aldaketa esperantzatik. Gehiago naiz etsipenekoa; nostalgiakoa zenbaitetan.

Maite ditut bertso zaharrak. Ze kasualitatea, hitzok idazten ari naizenean da liburuaren nazioarteko eguna. Oroitzen dut Manuel Lasarteren Gordeak Neuzkanak bertso-bilduma kuxkuxeatzen aritu nintzela unibertsitateko lan baterako. Bere bizimoduaren deskribapen ederra egiten zuen bertsoz bertso liburu hartan. Gorka Urbizuren Etxe bat abesten dugu orain, baina 1975ean argitaratu zigun Lasartek Gure etxeko berri. Niri agenda polit-polit batek laguntzen dit urteko lanak banatzen, eta  bertsoek laguntzen zioten hari nonbait. Bazuen halako segida bat hamairu orrialdekoa; udaberritik negura, uda eta udazkenean geldialditxoa eginez. Bakoitzari dozena bat bertso.

Niretzat udaberria dira mendi bueltak, azterketak, antsietatea, katarroak, eguzkia baina haize freskoa, eta loreak belar-soroetan, noski. Kanpoaldean ederra, barrualdean ez hain polita. Lan pilatua eta estresa. Udararako gogo izugarria. Hala zioen Lasartek udaberriaz: Negu ilunak eziña eta / tristura ugaritu du, / urtez aurrera baguaz eta / horrek bildurtzen gaitu gu; / udaberria, zure laguntzak / beharrezkuak ditugu, / etorri, beraz, goxo-goxo ta / ongi hartuko zaitugu.

Dena aldatzen da, bai, baina gauza batzuk ez horrenbeste. Nonbait, aldaketak, aitzinera egiteak, beldur pixka bat ematen zion leitzarrari. Nire gisa, udaberria pozima magiko bat izanen balitz moduan, bere laguntza eske zebilen. Ailega dadila behingoz benetako uda berria. Erritmo lasaiago bat. Edo bertzela, zer arraio, alda gaitezen gu paraje urrunotan.

Dena aldatzen da…