Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-06-02

Deitu lasai

Deitu lasai –

Komunikatzaileak omen gara, elkar behar omen dugu, bestea behar dugu, kontuak kontatu eta entzuteko, kantatu eta txalo jotzeko, puntua jarri eta erantzuteko, idatzi eta irakurtzeko, eman eta jasotzeko, batak bestea eta besteak bata.

 

Deitu lasai

Besteak batari eta batak besteari, askotan esaten dio, deitu lasai, behar duzunean deitu eta listo, edozer dela ere deitu lasai! Baina, azken urteetan, mezuak hain errez bidaltzen direnetik, aldatu egin da gure komunikatzeko modua. Mezuak, idatziz zein ahozko grabaketen bidez, emotikonokoak, gif-ak, argazkiak. Aurrekoan ume batek galdetu zidan telefono fijo bat eskuetan zuela, “zer egin behar dut lehenengo altxatu eta gero markatu?” eta noski, zelan jakingo du, etxeko telefonoa komuneko tiraderan, eskaileratan, sofa artean jausita topatu dezakeen umeak? Pentsa portaleko telefonilloa kamara bat da eta tekladun mugikorrik ere ez du ezagutu.

Orokorrean gutxiago deitzen dugu elkar, beti mugikorrera itsatsita, baina hitz egiten, noiz? Lagunekin geratzen garenean, orain berandu iristea debalde da, ez bagoaz sasioz mezu bat bialdu eta listo. Bertso saio baterako bertsolariak lotzeko? Mezutxo bat eta ttak!

Eta zer diozue ahozko grabaketa horiei buruz? Hogei segundukoa izan daiteke, ezer ez esateko izan daiteke, edo izan daiteke bost minutukoa. Bost minutu? Bost minutuko audio bat bialtzeko denbora bai baina deitzeko eta ganorazko elkarrizketa bat izateko ez?

Demagun, plazako saio baten ari garela, ofizioa zortziko txikian eginda errez erantzun daiteke, elkarrizketarako aproposa da neurria. Ostera, pentsa habaneratan egingo bagenu ofizioa, erantzuten dugunerako aurrekoak esandakoa ahaztuta izango genuke jada. Beraz, zer edo zer kontatzeko zortzi puntu edo bost minutu behar izatekotan, deitu lasai.

Deitu lasai