Xabier Silveira
Xabier Silveira

2018-06-08

Darwin VS Txomin

Darwin VS Txomin –

Kontatu zidatenean ezin nuen sinetsi! Txomin Garmendiak, Diario Vascon idazten zituen zutabe haietako batean, Charles Darwin berberaren teoria zalantzan jartzen zuen; espezieen eboluzioaren teoria, bai, Txomin Garmendiak, zalantzan. Diario Vasco-n. Baina mesedez Txomin Garmendia, ze premia… Bertsolari izateari utzi nahi izan nion une batez, Punsseten argazki autografiatuari begiratu nion unean, seguraski ere.

Bergaran, Zarautzen, Ordizian… Beste gauza guztietarako, MasterCard, baina diruz ordaintzerik ez dagoen iragarkia behar duenak, bertsolaritzan inbertitzen du. Zer jasoko du trukean? Sinesgarritasuna. Galdetu BBK edo Kutxa defuntuei bertzela.

Bertsoa eta zientzia elkarrengandik urrun auskalo nork jarriko zituen, auskalo noiz eta nola, zergatik eta zertarako, inork inoiz urrundu bazituen. Horrek ez dio inori axola; urrun daudela badiote, urrun daudelako izanen da. Puntu. Aldiz, zulo beltzen batek irentsiak izateko arriskuan diren bi galaxia hain desberdin, hain bizitza dotorerako baldintza guztiak betetzen dituztenak gainera, biak eguzki berberaren orbitan jartzeko premiak, horrek bai, horrek bi munduak biraka eta bueltaka jarri ditu, aldi berean oro,  dena eta guztia.

Eta eskerrak! Neil deGrasse Tyson-ek guarda!

Entzuten ari nintzen eta ezin nuen sinetsi! Txomin Garmendiak, Diario Vascon… Ai ama, pentsatzen nuen, eta nire inguru ultracool ia-ia hipsterianoak, ni naizen pertsona aurrerakoi eta ezkertiarra Txomin den kreazionista inkultuarekin nahasten hasiko balira, orduan zer?

Bi tximu, galdetzen omen zuen Txominek Diariovasco-tik zutabe hartan, bi tximu eta biak zuhaitz berean, demagun: eta bietako bat gizaki bihurtu eta bestea ez? Nola da posible? Orain milioika urte, jarraitzen zuen Garmendiak, tximinoak gizaki bilakatzen baziren, gaur egungo tximuei zergatik ez zaie berdin gertatzen? Eta ni, ezin  sinetsirik!

Discovery Channel ikusten dugunok, nion nirekiko, eta National Geographic, eta Teknopolis eta Redes, Punssetiarrok, alegia, badakigu pertsonak tximutik gatozela. No jodas, Txomin!

 ‘Zientifiko’ izendatua izateko, ikerketa-metodo orok, enpirikoan eta neurketan oinarritua izan behar du, arrazoiketa frogen printzipioei lotuta beti. Behaketa sistematikoan, neurketetan, esperimentazioan eta hipotesien formulazio, analisi eta zuzenketan oinarritu behar du ikerketa-metodoak zerbait zientifikoki frogatutzat eman ahal izateko. Baldintza hauek betetzen ez dituzten ikerketak eta Nazareteko Jesusek arrain eta ogiekin egindako mirari hura, zientifikotik igualtsu. 

Nik, ezin nuen sinetsi.  Txomin Garmendia Diario Vasco-n… Ai ama! Jakin nuenean zein baldintza eta parametrok egiten duten ikerketa-metodoa zientifiko, ezin izan nuen denbora gehiagoz sinetsi. Hortxe utzi nion fededun izateari, zientzia zelakoan saldutako dotrinaren dirdirak itsuturik bizitzeari. Metodo zientifikoa aplikatzean badatza gakoa: nork ikusi du inoiz tximu bat pertsona bihurtzen? Nork gerora zakur egin den otsorik? Lepoa motza zueneko Jirafari lepoa gorantz edo beherantz luzatzen ote zaion, nork ikusi du? Eta fenomenoa neurtu duenik, bada inon inor? Laborategian, ikergaia eskala desberdinetan erreproduzitzerakoan emaitza berbera eskaini duen esperimenturik, bada? Ez. Ez? Orduan, eboluzioarena ipuina da? Ez, ez da ipuina, zientzia da. Baina zientzia fikzioa.

Eta ez da horrela nik hala erraten dudalako, ez, ikerketa independenteak egin dituzten zientzialariek hori ondorioztatzen dutelako baizik.  Ikustea eta adi entzutea gomendatzen dizut Maximo Sandín jaunak, Biologian eta Bioantropologian doktoreak, beheko estekak garamatzan bideoan azaltzen diguna. Baina laburbilduz, aberrazio zientifikotzat  jotzen du teoria, elite anglosaxoiek mundua euren gustuetara antolatu ahal izan zezaten prestatutako jukutriaren tentakulu guzietako bat.

Darwin VS TxominEta Darwin adibide soila da,  berdin Einstein, Newton, Koperniko, Galileo, Eratostene… Zientzia fikzioaren aitzindariak denak,Txirritak ordu erdian errefusatuko lituzkeen teoria baieztatu gabekoen asmatzaileak, sortzaileak. Zergatik hurbildu ia-ia zeregin berberean dabiltzan bi mundu? Zertarako? Batzuk nola besteak, ezerezetik bizitza sortu daitekeenaren ilusioan biziarazten dugu mundua eta.

Imajina ote genezake eliza katolikoak, ‘elkar ezagutzearen’ aitzakia baliatuz, jarraitzaile gehiago biltzeko bertsolaritza erabili nahi izatea, eta guk, bertsolaritzaren zati garen aldetik, hori onartzea eta horretan kolaboratzea? Zaila egiten zait.

Auto-estimua hankapean ibiltzeak ez dakar bidelagun onik, guttitasun konplexuak ez digute garen hura izaten uzten. Alderantziz, gure borondatearen jabe egin nahi duenarentzat biktima potentzial ezin hobeak bilakatzen gaituzte, txontxongilo-gai perfektuak. ‘Dame BEC y dime tonto’ (“Donne moi le BEC et dis moi con”) efektuaren efektua? Jakitera.

Hemen, zientifikoki frogatu den bakarra, honakoa da: Txomin Garmendiak Charles Darwin-i, hogeitabi eta bi.

Eta Txirritak Kopernikori… Hurrengo alerako hori.

 

Darwin VS Txomin
Darwin VS Txomin
Darwin VS Txomin