2022-05-17
Dantzan
Dantzan –
Doinua: Irrifarra/ Mintzatu ahal banendi
Doinua hau ez zegoen doinutegian jasoa orain arte. Mila esker Amaia Agirreri, Martin Aramendiri, Imuntzori eta Belokiri doinua topatzen laguntzeagatik.
Hamasei urterekin
Goraka hormonak,
Gustuko eskoteak
Eta minigonak,
Nola ligatu baloi
Batekin egonak,
Ai,oi, ai,
Batekin egonak,
jaso nituen oso
aholku sakonak,
arrakasta gehiena
du dantzari onak.
Horrela ezagutu
Nuen diskoteka,
gure garaiko gazte
askorentzat Meka,
baina beti bukatzen
nuen mekauenka,
ai, oi, ai
nuen mekauenka.
Alferrik baldin bada
Zertarako neka,
justu justu mantentzen
bainuen oreka.
Punkien kontzertutan
Hobeto akaso,
Ostiko-bultzadekin
Besteei eraso,
Martxa gogorra irten
Zen niretzat oso,
Ai, oi, ai,
Zen niretzat oso,
Beti beste aldean
Nengoen akaso,
Batzuk banatu eta
Nik behinipin jaso.
Latinoen musika,
Kunbia, lanbada,
Erritmoa bilatzen
Nahikoa lan bada.
Ezin zuzen segitu
Beraien erara,
Ai, oi, ai,
Beraien erara.
Bat, bi, hiru, lau esan,
Alferrik da hara,
Mareatu baino lehen
Hobe dugu laga.
Sueltoan ikasteko
Mila erromeri,
Han ere izan nuen
Nahikoa komeri,
Trikitiaren senik
Ez baitzen ageri,
Ai, oi, ai,
Ez baitzen ageri.
Saiatzen nintzen baina
Ezin nuen segi,
Hobe dira tabernan
Hiru baxoerdi.
Errazena duk eta
Saiatu balsean,
Aiton amonek euren
Festetan antzean,
Baina nolako pena
Neure bihotzean,
Ai, oi, ai,
Neure bihotzean,
Nire bikoteari
Oinak zapaltzean,
Ez al nago hobeto
Geldirik etxean.
Denean ona denik
Munduan ez baita,
Dantza guztiak gaizki,
Zer nolako marka.
Arritmikoa denak
Bueltarik ez dauka,
Ai, oi, ai,
Bueltarik ez dauka.
Pasakallea dugu
Niretzako mauka,
Lagunari helduta
Plazari bueltaka.