2018-02-08
Damua eta indabak
Damua eta indabak –
Erabaki asko hartu behar izaten ditugu, izan handiak edo txikiak, izan egun berezietan edo arruntetan. Zer bide hartuko dut autobus geltokirako? Edo kotxez joango naiz? Zer ikasiko dut? Nor naiz ni? Baguettea ala txapata? Galdera erantzunen jokoan bizi gara. Eta berdin gertatzen da bertsotan ere.
Gai jartzailearen aginduei erantzuten diogu batzuetan, kirolari, kotxe zahar edo barazki bihurtu eta gaiari erantzun behar. Baina lehenengo, zer doinu? Zer esango dut? Berriro galderak. Beste batzuetan, ostera, librean kantatzen dugu, beraz ez dago inoren agindurik, “nahi dudana esan dezaket!”; baina, ba al dakit zer esan nahi dudan? Ondo hartuko al du jendeak? Egokia izango al da? Barregarria?
Askotan ez dugu jakiten hartutako erabakia zuzena izen den edo hanka sartu dugun, baina zerbait egin beharrak hori dakar. Beste askotan, berriz, badakigu txarto egin eta ezetz esan dugunetan baietz esan behar genuela, damua indaba platerkada bat baino gogorragoa da digeritzeko. Hamaika azkenengo puntu pasa zaizkizu burutik eta ahots-goran abesterakoan konturatu zara txarrena aukeratu duzula. Zergatik ez dut abestu bururatu zaidan besteren bat? Beti berdin. Hala ere, azkenengo puntu asko dago, ez da aukera bat ala bestea. Bai edo ez esan behar dugunetan, berriz, bata esan eta okertzen garenean badakigu bestea zela erantzun zuzena… Berriro indabak bazkaltzeko.
Hau horrela, zer gertatuko litzateke baietz esan dugunetan ezetz esan izan bagenu? Hori erreza da erantzuten, ez jendaurrerik, ez plazarik eta ezta txapelketarik ere. Eskerrak batzuetan, ezjakintasuna tarteko, presioa dela medio, edo batek jakin zergatik, ez diogun uko egiten (inork galdetu ezean) geure kabuz egingo ez genukeen horri.