2023-12-30
Bukaera
Bukaera –
Abenduko azken egunek urte bukaera ailegatu zaigula adierazi ohi digute. Urteko balantzea egiteko erabili ohi dira data hauek telebista, egunkari edo sare sozial ezberdinetan. Egunerokoak irensten gaituen honetan, kosta egiten zaigu gibelera begiratzen jartzea eta horrelakoak baliatzen ditugu modu arin batean azken urtean pasatakoen laburpen bat egiteko.
Eta 2023ak ere eman du zer erranik. Palestinan gertatzen ari den genozidioa batetik; Udal, Foru eta Estatu mailako hauteskundeak bertzetik. Ahantzita ziruditen espetxeratzeak, Mediterraneoan hildako errugabeak, etxegabetzeak, garaipenak, porrotak, esperantzak, dezepzioak, barreak, negarrak…
Bertso munduak ere izan du bere 2023a eta osasuntsu dagoela erranen nuke. Belaunaldi berriak, ahalduntzeak, plazaren pixkanakako berreskuratzea… eta txapelketak. Bai, txapelketak ere bertsolaritzaren parte dira eta aurtengo honetan, lehiaketa eta sariketa ezberdinez gain, Nafarroako eta Bizkaiako banakako txapelketak eduki ditugu eta Xilabako taldekako txapelketa.
Azken urte hauetan, bertsolaritza nire bidelagun izan dut. Gauza ugari eman dizkit, nik berari eman dizkiodanak baino aunitzez gehiago. Leku ezberdinetara ailegatzea ahalbideratu dit, nire burua frogan jartzea eta batik bat, pertsona zoragarri aunitz ezagutzea. Eta nire kasuan, guzti horren abiapuntua txapelketa izan zen, hain zuzen, 2012ko Bardoak Taldekako Ekimena eta 2013ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Badakit txapelketak dakarren guztia ez dela onurarako eta nire baitan pairatu izan dut hori ere. Baina bi txapelketa horiek izan ez balira, ez nuen ondotik bizi izan dudan guztia bizi ahal izanen.
Bertso munduak hain nauka liluratuta, 2023ak ere ekarpen polit ugari egin dizkidala arlo horretan, hala nola, Lesakako Bertsolaritzaren Ibilbidea, Ipuin Berts(i)onatuen proiektua, maisu-maistrak bertsolaritzan formatzeko ikastaroa… Eta hurrengo urteetan ere honen bueltan lanean aritzeko gogoz eta indartsu nabil, kantatzen jarraitzeko asmoarekin batera. Baina 2023 hau niretzat berezia da, txapelketa uzteko pausua eman dudalako. Eta horrek, nahi ala ez, halako sentimendu kontrajarriak sortu ditu nigan, neurri batean niretzat bukaera bat delako. Zalantza ugari izan nituen izena emateko azken txapelketa honetan. Nire garaia pasatu zenaren sentsazioa neraman nire baitan. Eta izena emateko arrazoi nagusia, txapelketaren bide honetan bidelagun izan ditudan horietaz agurtzeko aukera edukitzea zen. Eta hori islatzen saiatu nintzen Altsasun kantatu nuen azken agurrean.
Zeinen pozgarria zaidan
gibeleko bortzen lana
baina aspaldi barruan
piztuta neukan alarma
lehia uzteko unea
iritsi da niregana
aski zoriontsu noa
ez pentsatu denik drama
gozatu ditut txaloak
ta finaletako xarma
baina batik bat zuekin
hau partekatu izana
mila esker guztiagatik
eta muxu handi bana
Mila mila esker eta muxu handi bana, bertsokide, epaile, gai jartzaile, antolatzaile, bolondres… eta noski, entzule. Zuek gabe ez dagoelako ez txapelketarik, ez bertsolaritzarik
Eta txapelketetan bukaerara ailegatu banaiz, Bertsolari aldizkariko nire kolaborazioak ere bere bukaerara ailegatu dira. Eta hemen ere eskerrak ematea bertzerik ez dut, horrelako aukera paregabe bat eskaintzeagatik. Mila esker Bertsolariko lan talde guztiari eta bereziki, zuri, Beñat. Kontent kontent bizi!!!