Felix Zubia
Felix Zubia

2021-12-09

Boris Johnson ez zen bertso eskolara joan

Boris Johnson ez zen bertso eskolara joan –

Ezaguna izango duzue Erresuma Batuko Lehen Ministroa den Boris Johnson. Baina ez dakit hain ezaguna izango duzuen bere azken gertaera. Azaroaren 22an Erresuma Batuko Enpresarien Elkarteko ekitaldi batera joan zen, hitzaldi bat emateko asmoz. Gaia, energia berriztagarriak eta auto elektrikoak. Hitzaldia esperotako gidoiaren barruan zihoan: serioa, neutroa hizkeran, etorkizunerako ildoak landuz.

 

Boris Johnson ez zen bertso eskolara joan

 

Eta bat-batean, bere hitzaldiaren papera galdu zuen, edo falta zuen behintzat. Eta han hasi zen hizketan, inprobisatu beharrean, zer esan ez zekiela. Eta zerbait esan behar horretan, baina asmatu ezinda, erabat hitzaldi kaotikoa eman zuen: Peppa Pig txerritxoa eta bere atrakzio parkea, kotxeen burrunba eta bere soinuak, Lenin ondoren, Moises… 20 minutuko anabasa, loturarik gabeko ideien nahaste-borrastea, entzuleen aguantatu ezinezko barreen artean. Hurrengo egunean, egunkarien eta bestelako komunikabideen kritika, ikaragarria. Bertako enpresarien ordezkariek “katastrofikoa” izan zela zioten.  Ikusi nahi baduzue, erraz aurkituko duzue interneten.

Eta gaiari buruz pentsatzen jarrita, harrigarria suertatu zitzaidan maila horretako agintari batek bere hizketarako gaitasuna landu ez izana. Inprobisatzeko abilidadea landu eta hobetu egin litekeelako, zuetako askok egin duzuen moduan. Ezagutuko balitu, Boris Johnson-ek bertso-eskola batetara joan beharko luke.

Niri behintzat, askotan lagundu izan dit bertsotan aritu izanak bestelako egoeratan. Gogoan dut medikuen biltzar bat, hasiera batean hitzik ere esan behar ez nuena, baina egoerak bultzatuta, dozena bat galdera erantzutera behartu ninduena. Bertsotan puntu erantzutearen antzerakoena izan zen hura, zer galdetuko zidaten ez nekielako. Eta nahiko dotore irten nintzen estuasun hartatik, inoren barrerik eragin gabe behintzat, eta nabarmendu gabe. Edo kazetarien aurrean agerrarazi ninduen beste  egoera bat, haien galderak erantzunez, aurrez prestatu gabeko une batean. Orduan ere, bertsolaritzaren taktikek asko lagundu zidaten.

Andoni Egañak esaten zuen, orain seme-alabak koskorturik dituelako, ez lukeela nahi haiek bertsolari izaterik, baina abokatu izan nahi bazuten, bertso-eskolara bidaliko zituela. Erabat ados Andonirekin. Nik esaldia zabalduko nuke, eta publikoan aritu nahi duen edonor bidaliko nuke bertso-eskolara, inprobisazioa eta komunikazioa landu ditzan. Eta agintari izan nahi duen hura ere bai, Erresuma Batukoa izan arren.

Boris Johnson ez zen bertso eskolara joan