Aroa Arrizubieta
Aroa Arrizubieta

2019-09-24

Boa, besoa, betoa, bera, soa, beroa...

Boa, besoa, betoa, bera, soa, beroa… –

B(erts)oa.

*Boa bat lepoan jarri eta begiak betaurrekoen atzean ezkutatu ditut. Mozorrotuta nago orain, ahaztu ditut lotsak, joan dira beldurrak. Orain lasai igo naiteke oholtzara, ikusten dutena ez bainaiz ni, mozorro bat baizik; beraz, gaizki egindakoen erruduna ez naiz ni, nire pertsonaia baizik. Hori baita nire beldur handiena: akatsa.* Duela ez hainbeste -irailaren 11n- talde batean gitarjole den lagun batekin hitz egiten egon nintzen. Berak jotzeko beste pertsonaia bat sortzen zuela esan zidan -ausartagoa, harroagoa…- eta mobida bat zela, askotan ez dakielako bietako zein den pertsonaia eta zein den bera, eta oso ezberdinak direla biak. Horrek zer pentsatua eman zidan. Nik ere oholtza gainean pertsonaiak sortzen ditudala pentsatu nuen, testuingurura egokitzeko edo. Batzuetan ausart eta harro noa, besteetan txiki eta umil… eta ez dut sekula kasu bakoitzaren zergatia aztertu.

Be(rt)soa.

*Akatsez oroitzeko tarterik izan aurretik, besoak atzera eraman ditut, eskuak atzean gogor estutuz. Hankak apur bat zabaldu ditut horrek ziurtasuna emango didalakoan eta lurrera begira jarri naiz, abesten hasi aurretik azken indar bultzada hartzeko. Beldur naiz, baina egin nahi dut.* “Nik besoa eman zuk eskua hartu, hala ere beldurrik ez didazula diozu…” zion Anarik Harriak abestian. Beldurra “zeri” diodan aipatu dut, baina ez “nori” diodan. Epaileari diot beldur. Ez txapelketan zure puntuazioa idazten dagoen epaile horri -bakarrik-, nire bertso bat epaituko duen edonori baizik. Agian akatsei kritikagatik diet beldur. Askotan eskaini izan didate besoa eta nik eskua bakarrik hartu, eta onartzen dut: Beldur naiz. Beldur dizuet.

Be(r)t(s)oa.

*Kantuan hasi naiz bukaera pentsatu gabe -onartzen dut-, gehiegi tardatzeari beldur baitiot. Errima erraz bat hautatu eta segituan hasi naiz lehenengo puntuarekin. Baina zalantzak sortu zaizkit, ez dakit gaiari nondik eutsi, eta kantuan nabil jada.* Ez dut inoiz zenbaterako betoa dugun jakiten. Ez dut jakiten “jendeak espero duenetik” zenbat urrundu gaitezkeen. Gai bat gustatzen ez bazait, jarraitu ote dezaket kantuan nik nahi dudan bezala hartuz? Txapelketan? Plazan? Ez dakit.

Ber(tso)a.

*Berriz ere. Berriz ere nabil nire esperientziatik kantatzen, “bera”ri buruz. Nahi gabe egiten dudan zerbait da eta amorrua ematen dit, baina agian nire bizitzan presenteen dagoena da*. Askotan pentsatu izan dut gai bera bi une ezberdinetan jarriz gero, burura lehenengo letorkidakeen ideia ezberdina litzatekeela. Bizitzan presenteen ditudan gauzetara -edo pertsonetara- jo ohi dut, bai bertso-sorta bat idazterako orduan eta baita bat-batean egiterakoan ere. Izan ahizpa, amama, lagun bat… Agian egoera bakoitza ondo aztertuko banu ordenatuago nituzke ideiak, jakingo nuke zeri nabilen ematen garrantzia nire bizitzan momentu horretan -askotan ez baitakit-.

(Bert)soa.

*Jendeari egin diot so, bukaera on baten esperoan daude, baina nik ez daukat bukaerarik. Ez dakit nora eta nori begiratu.* Niretzat, bertsoak duen gauza zailenetariko bat jendeari begira kantatzea da. Oso gutxitan egin izan dut. Atzera begiratzen dut, “punto fijo” deitzen zaion horretara, iluntasunera ahal bada, agian jendeak ikusiko ez nauelako ustean.

Ber(ts)oa.

*Kantatu dut. Ez dakit ondo zer -ea bertsoa.eus-en ikusten dudan- baina bota dut. Amaitu da. Txaloen beroa suma dezaket, eta besarkadak diruditen begirada eta irribarre konplizeak jaso ditut. Orain esan dezaket: merezi izan du.

Bertsoa.

Boa, besoa, betoa, bera, soa, beroa...

Aroa Arrizubieta

Boa, besoa, betoa, bera, soa, beroa…
Boa, besoa, betoa, bera, soa, beroa…