2018-05-07
Bizitza vs Bertsoa
Bizitza vs Bertsoa –
Bertsoa bizitzako edozein gauzarekin alderatzen ahalegindu ohi naiz. Oholtza gaineko eta egunerokotasuneko arazoak, sentsazioak, sentimenduak, beldurrak zein bizipenak. Guztiak dira nire indargune eta ahulguneen arrazoi, hauek gainditzeko edo nabarmentzeko tresna.
Bizitzaren eta bertsoaren antzekotasunak hainbat dira. Oholtzara igotzeko eskaileratan oreka galtzea ez da horren arraroa, azterketara bidean ere ikasitako guztia ahaztu dudala pentsatu ohi dut. Ahotsa dardaraka dudala ere abestu dut askotan, norbait lehenengoz ezagutzen dudanean ere berdin gertatzen zait.
Hau idatzi eta edonork pentsa dezake egia dela, beste askok, ostera, gezurra dela pentsatuko du. Baina horrek ematen al dio balioa esandakoari? Bertsotan ari garenean, hau da, fikzioaren igerilekura salto egiten dugunean, hori ez da garrantzitsua. Bai ordea zer eta nola esaten dugun. Eta bizitzan egin eta esaten dugunari zerk ematen dio balioa? Zer da garrantzitsua?
Hori bakoitzak erabaki behar du (ez dago formula magikorik). Bertsotan azkenengo puntua pentsatu, errimak hartu eta kantuan hasten gara. Badakigu zein den hasiera eta amaiera, nahiz eta ez izan argi bidean hartu dugun bidea zein den, badakigu nondik nora goazen. Azkenengo puntua eta errimak helduleku dituen heriotza planeatu bat da bertsoa. Baina, bizitzan ordea, ez dugu hasiera gogoratzen, bidea geuk egin arren atzera eta aurrera ibili ohi gara, errotondan biraka irteera bat ez aukeratzearren, eta amaierari buruz zer esanik ez. Ezin daiteke aurretiaz jakin nola bukatuko dugun, eta are gutxiago, gogoan gorde eta unea heltzen denean kontatu.
Bertsoaren arau guztiak ezin dira bizitzako arauetara eraman. Bizitza errealitatea da, baina bakoitzak bere errealitate propioa du. Norberak berea, izan errealitatea edo fikzioa, egia ala gezurra, dena da benetakoa norberak horrela sentitzen duen heinean.