Ekhiñe Zapiain
Ekhiñe Zapiain

2024-02-27

Bizipenak bertso neurritan

Bizipenak bertso neurritan –

Bizipenak bertso neurritan

2022ko abuztua. Uste dut lehendabizikoz Amaia Agirreri irakurri niola, egunkariko artikulu batean edo, Izan Iñurri elkartearen bertso-saio solidarioarena. Ba omen zegoen Tabuen kutxatik oholtzara izenburupean kultur etxe bat zein bertzelako areto bat sentimendu eta bizipenen otzara bilakatzeko gai zenik. Eta otzara horren egileak hezur-haragizkoak omen: lau bertsolari, bi musikari, gai jartzaile bat eta tribu eder bat, baldintzarik gabe maitatzeko gai dena. Irakurraldi hartatik ikusi nituen zenbait kartel, han-hemenka saio mota hauek iragartzen zituztenak. Ez diot joateko tentaziorik izan ez nuenik; baina ez zitzaidan aukerarik suertatu. 

 

2023ko iraila. Hiru hilabete inguru baziren ondoezik sentitzen hasi, eta froga mordo baten ondotik hirugarren diagnosia eman zizuten egunetik. Analisi, erresonantzia, eskaner, kimioterapia, morfina. Dragonkantzerreko uhala ezin askatu, gora eta behera ari zinen bertigo horretatik ezin urrundu, e? Eta gu hor, bertzerik gabe, egoten. Egoten eta izaten.

Kasualitatez edo kausalitatez, egunkarian agertu zitzaidan  berriz ere goiz batez hurrena: Irailak 28. Hernani. Bertso-saio musikatua. Minbiziaren errealitatea helarazteko eta normalizatzeko perspektiba feminista eta ahalduntzea oinarri duen euskarazko bertso-saioa. Saio hauetan gai ezberdinak lantzen dira, bertsolari profesionalen eskutik, bi musikari eta Iñurri komunitatearen laguntzaz. Alaia Martin, Maialen Akizu, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita. Minutu bat bertzerik ez zuten behar izan nire buru-behatzek sarrerak erosteko.

Negar, irri, min hartu, sendatu, poztu, haserretu, beldurtu, zulo batean sartu eta zulo batetik atera. Guzti-guztiak bi orduko bertso-saio batean. Gogoan dut idatzi nizula. Ezin dizut azaldu zer izan den; hauekin egon behar duzu, egitan. Hilabete bertzerik ez zen igaro elkartearen egutegian parte hartzeko izena eman zenuen egunera.

 

2023ko urria. Bata bertzearen ondoan jarri omen zineten kulerotan, argazkilari baten aitzinean. Orbainak bistan, haragi eta azal. Ezagutu omen zenituen bertso-saiotik aipaturiko izen horien gibelean zeuden pertsonak. 2023ko abendua. Eta pertsona horiek magia bilakatu ziren. Zaintza eta indarra. Haiek eta zuk batez ere erakutsi diguzue heriotzak aurpegi ugari izan ditzazkeela. Dolua motxila bat dela batzuetan, eta askatzen duzun harri bat bertzeetan.

 

2024ko otsaila. Otsailaren 24. Oiartzun. Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio musikatua. Alaia Martin, Oihana Bartra, Ane Labaka eta Miren Amuriza. Bigarren aldiz joan nintzen. Kasu honetan koadrilako batzuekin, eta azken hilabetean leku gehiegi okupatzen digun hutsune erraldoi batekin. Saio bukaeran oholtzara igo ginen zure abestia kantatzera, eta haiekin afaltzera gonbidatu ziguten. Eta bertze behin, otzara bete-bete itzuli ginen etxera.

Bertsozale izan ala ez, bertso-saio musikatu solidario hauek beharrezkoak ditugu, nola gorputz batek ura. Minbiziari arros kolorea kentzea eta marroia bistan uztea ezinbertzekoa delako. Bizitza ezin bada neurtu, zer hobe bizipenak bertso neurrietara ekartzea baino? Leire, bizitzen erakutsi diguzu, izugarri maite zaitugu. Iñurri, gure sendagarri zareten bertsolariak, Amaia; opari eder bat zarete. Bihotzez, eskerrik asko.

Bizipenak bertso neurritan