2021-08-09
Bizikletaren katea
Bizikletaren katea –
1936ko udan gerrak eztanda egin du. Madrilen bizi dira Don Luis, haren emazte Dolores eta bi seme-alaba, Manolita eta Luisito. Luisito semeak bizikleta bat nahi du baina ez du Fisikako ikasgaia gainditu. Aitak ez dio oraindik bizikleta erosiko. Bizikletaren erosketak uste baino luzeago joko du, gerraren iraupenak legez. “Las bicicletas son para el verano” antzerki obraren argumentua da kontatu dizuedan hori, antzerki obra Fernando Fernán Gómezek idatzi zuen 1977an. Urte horretan jaio nintzen ni.
Gure etxera ere berandu iritsi zen bizikleta. Langile klaseko gurasoen etxean luxuzko artikulua zen. Asteburuetan, aitite-amamen baserrira joaten ginen. Han ikasi nuen bizikletan ibiltzen, ondoko baserriko semearen bizikletarekin. Garai hartako gertaera asko ez ditut oroitzen, baina oso presente ditut bizikletarekin emandako orduak, hautsitako hezurrak eta urratuak.
Hamalau bat urte izango nituen gurasoek bizikleta erosi zidatenean, nik nahi baino beranduago baina gurasoek esfortzua egin ahal izan zutenean, ziurrenik. Mendiko bizikleta more bat, marka ezezagunekoa. Ez zen lagun gehienek zeukatenaren parekoa, baina pedalei emanez gero antzeratsu mugitzen ziren gurpilak. Gogoko tokian aldaparik ez dio esaerak, baina aldapa ederrak igotzen genituen shimano kanbioei krakada ederrak emanez izerdi patsetan.
Urteetan itsu-itsu ibili nintzen bizikleta gainean, eguneroko betebeharrak bukatu eta ia arratsaldero abiatzen nintzen inguruko mendiren batera: Mandoia ez bazen, Upo, bestela, Ganguren edo Lemoatxera. Mimo handiz zaintzen nuen bizikleta, balaztak tentsatu, kuadroa garbitu, gurpilak puztu eta pitean-pitean katea olioztatzen nion. Gero, pixkanaka, bizikleta gainean ibiltzeari laga nion.
Badira bizikletan ibiltzeari inoiz utzi ez diotenak, badira berandu hasten direnak eta badira haurrak hazi ostean berrekiten diotenak ere. Azken multzo horretan sartu beharko nintzateke ni ere nonbaiten sartzekotan, baina ez dut egun aproposik aurkitzen. Gutxi balitz bezala, inguruan gero eta lagun gehiago ditut bizikletarekin hara-hona dabiltzanak: badira batzuk lanera joateko ere badarabiltenak, ausartenak Dolomitetaraino ere joan dira aurten bizikleta gainean etxetik abiatuta. Nik, isil-isilik, mirestu egiten ditut.
Umetan joaten nintzen baserri hura dut egun bizileku. Eskailerapean dago bizikleta hura ere, inoiz berriz martxan jarriko dudan esperantza faltsuarekin. Bizikletan ibiltzen behin ikasiz gero ez omen dela ahazten diote, baina katea herdoildu zaio niri gogoa herdoildu zaidan bezala.
Bertsotan ere, behin ikasita ez omen da ahazten, baina bertsotan aritzea ere bizikleta gainean ibiltzearen parekoa da, aritu ezik herdoildu. Garuna geldotu eta mingaina loditu. Bizikletak katea behar du mugitzeko, bertsolariak gogoa, eta behin herdoilduz gero berriz olioztatzen hasi behar. Ez dakit halaxe ez ote gabiltzan bertsolari dexente azken boladan. Aritu ezaren herdoila kentzeko azken ahaleginetan.
Aurten ez naiz baserri bueltan bizikletan ibili, bertsotan ere gutxi, baina izan ditut beste zeregin batzuk. Negutik hona, ehundik gora kilo laranja jaso ditugu etxondoan. “Gorbeia azpian laranjak?” galdetuko du batek baino gehiagok sinistu ezinik. Bada, bai. Hurrengoan arituko natzaizue horretaz, Gorbeiazpiko laranjez.