2020-02-05
Bilboaldeko bertso eskolen metaketa
Bilboaldeko bertso eskolen metaketa –
Bertsotan ari den herria ez da inoiz hilko, eta argi geratu zen larunbatean Arrigorriagan Bilboaldeko Bertso Eskolen topaketan. Askotan entzuten da txapelketako agurretan txapelketarik gabe ere badela bertsoa, eta hori holan da. Baina, ba al dago bertsorik jatekorik gabe? Edanik gabe? Edo osteko jairik gabe? Hori ez daukat hain argi.
Santutxu, Arrigorriaga, Potojorran, Elorri eta Galdakaoko bertso eskoletako hogeita bost lagun inguru batu ginen, eta herrian zehar tabernarik taberna hainbat saio egin ziren, taldean prestatutako agurrak, ofizioak eta jolasak tartean, danetarik egon zen. Danetarik dagoenean aukera ona izaten da nahi duenak oholtzara salto egiteko, aspaldian kantatu ez duenak burua astintzeko, kantatu nahi ez duenak entzuteko, gaiak jartzen aritzeko, edo gaiak idazteko eta beste batek aurkezteko, danetariko aukerak danontzako. Beraz, zer gehiago behar da?
Bada, jan eta edana, entranteak, patatak txorixoarekin, oilasko izterrak kipula eta entsaladarekin, gazta tarta, kafea eta kopa. Menu honekin tripa bete eta gero nola altxatu mahaitik tabernarik taberna jarraitzeko?, edo zelan ekarri gogora errimatzen duten lau hitz betekadarekin? Ez da hain erreza.
Dena antolatzea ere ez da hain erreza izan, baina, egindako lanak merezi izan du, ezta? Eguna amaitzean denok egin genuen bat urtean urteko ohitura bihurtu behar genuela topaketa, mundu guztia pozik egotea lortu zen, beraz, zer gehiago behar da?
Holakoetan gustura egoteko bertsoak badu bertsotik kanpo geratzen den botere supersoniko bat, gazteak eta ez hain gazteak batzeko gaitasuna. Bertsoak posible egiten du adin ezberdinetako jendea batu eta elkar ulertzea, gozatzea, kantatzea, zein elkarri kontuak kontatzea, lan, interes, izaera, bizi estilo,eta beste hamaika desberdintasun dituen jendea taldean batzeko gaitasuna. Botere supersonikoa, super boterea, botere paranormala, edozelan deitu ahal zaio, baina gauza bera da: bertsoa.
Datorren urtean bertsoaren aitzakiak berriro batuko gaituelakoan, laster arte!