2025-02-03
Bihar da Santa ageda
Iritsi da otsailaren 4a. Oles eta oles etxekoak jotzen ditut nik gaur ateak, dirurik ez bada, gizendutako bildotsa.
Bihar da Santa ageda –
Askotan gertatzen den bezala, santuaren gonapean naturari ertsiki lotutako erritu pagano bat. Ilberan moztutako urritz makilek esnatuko dute udaberri berri bat eta etxe atari askotan momentuño berezi bat sortuko da.
Aldarrikatzekoak iruditzen zaizkit etxez-etxeko puska biltzeak. Izan ihauteri bueltakoak, San Juan eskeak, oilasko biltzaileak edo santa eskeak. Izango dira gehiago ere.
Festa herrigunetik etxeetara eramaten dute eta garaian garaikoa biltzen. Eta zer eskaintzen da trukean? Dantza, kantua eta kopla. Herri kultura bat herriari emana eta urtez urte transmititu dena.
Garai indibidual usteko hauetarako erritu kolektibo zoragarri bat.
Santa eskeak badu bere berezitasun bat bertsoarentzat: bapateko kopla.
Ez da bertsoa, kopla baizik. Horrek erraztu du herri bertsolari askok bere ahalegintxoa egitea eta jendaurreko lehen agerraldia “bularrak moztu zizkatenaren” bezperan egitea. Izan ere, bertsolari onenak baino sinesgarritasun eta logika gehiago du etxekoak ezagutzen dituen herri koplariak. Koplari hasitako batzuk bertsolari egingo dira eta arnas luzeagoko lanak egingo dituzte, ez beti beraien ingurumarian. Beste batzuek herri bueltako belazean segiko dute. Bertsolaritzak biak behar ditu, arnas luzeak eta etxe ondoko belazeak.
Tradizioa arduraz puskatzen eta aldatzen asmatzea da egun daukagun erronketako bat. Herri askotan otsailaren 4an ordez, aurreko edo ondorengo larunbatarekin egiten dituzte eskeak. Beste batzuetan eskeari santuaren kutsua kendu zaio edo ibilbide klasikoak aldatu dira edo beti egin izan diren betikoak antzaldatu. Festaren muina, etxez-etxeko kantu xume hori mantenduz gero, ni edozer puskatzearen alde.