Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2020-10-21

Bigarren aukera

Bigarren aukera-

Gogoan al duzu elkarrizketa batean zera horretaz ari zinetela zerako hitz zera hori ahoan bueltaka sumatu eta esateko gai ez zinen unea? Edo azterketan galdetzen zitzaizuna ezagun egin bai, baina entregatu ostera arte idatzi beharrekoa ezin gogoratua? Nori ez zaio gertatu eztabaida sutsu batean totelka aritu eta atea danbatekoz itxi bezain pronto pare-pareko erantzuna mihi puntara etortzea?

Ba sentipen horiek nahiko ondo laburbiltzen dute mikrofonoari bizkarra eman eta ezpainak estututa aulkiraino egiten dugun itzulerako bidea. Gutxitan lortzen delako, behar dugun ideia behar dugun neurrian eta komeni zaigun hitz moduan bat-batean aurkitzea. Oso-oso gutxitan. Gainerakoan, esan liteke gerturatu egiten garela. Eta bat-bateko jardunaren terapiari esker, nahiko ikasita gaude uneko zirriborroari joaten uzten. Bizitzako hainbat alorretan laguntzen duen irakaspena da hori.

Baina ze amorrua ematen duen, ukitzen zaituen gai batek kontrako hankarekin, espero gabe, lixeriketa faltan edo burua lauso harrapatzen zaituenean. Horrelakoetan, aulkira hobeto esan zenezakeena murtxikatuz itzultzen zara, hurrengo ofizioa ideia egokiagoen bila pasatzen duzu, eta kotxean bueltan bertsoaldia behin eta berriz berregiten duzu. Maiz gertatzen da.

Niri, Zizurkilen gertatu zitzaidan lehengo batean, Plateruena itxiko zela iragarri zuteneko biharamunean, bakarka horri kantatzea eskatuta. Gaia entzun bezalaxe antzoki estimatuan bizitako hainbat irudi etorri zitzaizkidan, eta kantuan hasteko unea zen jada. Zuzenean ekin behar izan nion, ondorio edo mezu argirik gabe, sentsazio horretatik abiatuta. Eta egin nuen uneak ahalbidetu bezain ondo, mimoz. Ez, ordea,  kulturzaleentzat ikur bihurtu den gune batek merezi bezala. Eta oraindik batzuetan, kotxean nire burua harrapatzen dut “parranda bertso barrapera itsatsita/ kulturgintzari eman hainbeste bizi ta / orain ateak itxi beharra  kulturaz ezin bizita”…

Eta tarteka gerta dakioke asko dabilenari, egun batean sentipen horrekin irten eta hurrengo egunean gai berari kantatzeko aukera izatea (uler bedi, beste modu batera formulatuta, agian ofizio moduan planteatua…). Alegia, ezingo duzu dutxan otutako ideia kantatu, baina behintzat gaiari pare bat buelta emanda harrapatuko zaitu. Orduan, bigarren aukera bat eskatu nahi dut. Ez, ez berriz Plateruenari merezitako agur bertsoak kantatzeko. Bigarren aukera bat eskatu nahi dut Plateruenarentzat, nahi beste agur bertso bertan kantatzen jarraitzeko.

Zorionez, ez zen eraikin horretatik jaiotako proiektua, baizik eraikin horretan gorpuztu zena. Bertako biziak jarrai dezake leku horretatik kanpo. Hala ere, ixtera eraman duten baldintzak hausnartzeko beste adibide bat eskaini digu Plateruenaren kasuak. Merezi duen bigarren aukera pentsatzeko beste aukera bat daukagu. Azkena, agian.

Bigarren aukera

Bigarren aukera-