June Aiestaran
June Aiestaran

2025-02-19

Bide posibleez

Gaia entzun. Hiru bide posible irudikatu. 20 segundo. Hiru bide = Hiru bukaera indartsu. Badauzkagu? Hau flojito, baina aurrera. 32 segundo. Sartu 10-8an. Joder, ez naiz kabitzen. Kendu “daukadalako”, jarri “baitut”. Bale, orain bai. 45 segundo. 4 errima. Egiteko, Hobeto, Tarteko, Ikusteko. Estutu, June, estutu. 57 segundo. Berdin dio. Ez dago denborarik. Ben-ga. Mikrofonoari heldu. 60 segundo. Hasi.

Bide posibleez –

Gaur, bertso bat nola egiten den galdetu dit bertso-eskolako ikasle batek. Zein den ordena zuzena: errimak – ideia – bukaera, ideia – bukaera – errimak edo bukaera – ideia – errimak. Nik esan nahi nion ez dagoela ordena zuzenik, norberak ezartzen duen formulak egiten duela bertso bat on. Esan nahi nion bertsoak ez duela zertan bukaeratik hasitakoa izan; ez duela zertan erabili askotan lagungarri baino mugarriago zaigun teknika hori. Bertsoa izan litekeela margo gorri bat hartu eta begiak itxita margotzea, marretatik irtetea; fuerte-fuerte margotzea, punta hautsi arte; eta berriz ere margo gorria zorroztea. Esan nahi nion hasteko lasai bukaerarik gabe, errimarik gabe; ez duela zertan hasieratik finkatu iritsi nahi duen puntua, barruak eramango duela iritsi nahi duen puntura, edo ezetz, baina iritsiko dela norabait.

Baina listua irentsi eta esan diot zer esan nahi duen pentsatu behar duela lehenik (ideia), hori kolpe bihurtu gero (bukaera), eta bertsoa osatu behar duela azkenik, falta zaizkion oinak pentsatuta (errimak). Ideia – bukaera – errimak, alegia.

Etxera bueltan pentsatu dut bertso-eskolak ez duela bertsolarien fabrika izan behar (beti); bertso-eskolak behar direla bertsolariak fabrikatzeko, baina baita espazio goxo eta motibagarriak izateko ere, bertsolari izatearekin amesten duen hamar urteko haurrak bigarrenetik gehiago behar baitu, agian, lehenengotik baino. Gu ere fabrikatu gintuzten, eta sinetsi genuen bertsotan egitea mailu batekin mahaian ematea zela; bertsoak kolpea behar zuela izan, hitz horiek indarrik izango bazuten. Eta super-super-super ondo pasatzen nuen bertso-eskolan, baina, agian, tarteka mailua utzi eta margo gorri bat hartu behar genuke eskuetan; probatzeko, besterik ez. Ongi ikasi baikenuen bide posible guztiak irudikatu behar direla lehenik.

Bide posibleez
Arg: PxHere
Bide posibleez