Haize Lekuona
Haize Lekuona

2024-08-01

Bidasoa

Bidasoa –

 
 
 

Munduko ibai denen antzera

mendian duzu bihotza

Ur handietan itsasoraino

eginez lurrari bortsa

Hautatu duzun bideagatik

Kantaurian heriotza

Handi ta zabal landa erdian

markatuz muga zorrotza

Denboran zehar joana zara

bihurtuz hilkutxa hotza

Ez da bakarra zure uretan

isildutako ahotsa

 
 

Zuk trabeskatu nauzun moduan

nahi zintuzket zeharkatu

Iturburutik itsasertzera

bazter guztiak miatu

Bidasoak du hasiera bat

ta bukaera markatu

Modu berean hegoa eta

iparra ditu banatu

Amets ugari dira urtetan

berarengan urperatu

Hortako hauxe ezin da ibai

soil batekin konparatu

 

 

Biok bat gara, zure kresala

zait azalean itsatsi

Zure presentziak ehein batean

dit nortasuna erantzi

Dena banatu dena partitu

zergatik hainbat garrantzi

Herri bakarra bi lurraldetan

zeniguen banarazi

Zein iparralde zein hegoalde

zein Espaini ta zein Frantzi

Nahi zintuzket zu begiratu

ta muga zarela ahantzi

 

 

Zenbat momentu eguzkipean

ibai ertzean gustura

Zenbat momentu miresten zure

argien printzen lilura

Hainbeste gauza ikusten dira

begiratuz ingurura

Hainbeste gauza sentitzen dira

behin urperatuz barrura

Bidasoaren bide osoa

jarraituz aitzina ura

Eraman zazu zurekin gure

zipriztin bakotx mundura

Bidasoa