2023-04-21
Betiko lepotik burua
Betiko lepotik burua –
Doinua: Nehoiz ez da senditzen
Erailketak, torturak
herra ta hilobia…
hau izan da urteetan
bizitako “zoria”
Zirudien gainditzear
zela zenbait fobia
Praktikak ez du berretsi
geneukan teoria
Bakarra bada herri
zahar honen historia
nola idatzi daiteke
parteko memoria?
Memoria lanekin
joan dira zenbait urte
eta web orri batzuk
diseinatu dituzte
Bat-batean aztoratu
dira zeru ta lurpe
bakar batzuk zinismoan
hartu dute arkupe
Aranzadin ospea
zalantzan jarri dute
ta lokatzetara bota
boto batzuen truke
Guztiak ados zeuden
guztiak ziren parte
erabilgarri zela
ohartu diren arte
Jo puntuan jarriz zenbait
herri eta alkate
Zurikeria ez al zen
utzi behar aparte?
Polemikari ireki
zaizkio mila ate
ta sekretu ofizialena
giltzatuta daukate
Berreraikitzen hasi
denean zenbait zubi
iruditzen zait norbait
jarri dela urduri
Alferrik prestigio ta
zientzia jakinduri
Dagoeneko ez al da
nahiko malko isuri?
Sukalde lan ixilak
balio digu guri
ta honek ordu txikitako
taberna bat dirudi
Pasatu den guztiak
nahigabetuta nauka
beti biziko al gara
estoldetan iraulka?
Jarraituz Madrildik zorrotz
zehaztutako pauta
joan da hainbat herriren
memoria lanen aurka
Hauteskunde aitzineko
garaia dute hauta
Bakerik nahi ez duenak
gerra aitzakitzat dauka
Txalo egin genion
Irulegikoari
ta arekatik gorpuak
atera ditunari
Lehen dena zen laudorio
ta argazki ugari
orain berriz bizkarretik
labankada opari
Bakar batzuk jo mugan
jarri zuten aspaldi
Eraso denen gainetik
Animo Aranzadi!