Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2017-04-12

Betetako amets bat!

Betetako amets bat!

Osinalde saria oso ezaguna da bertsozaleen artean, zer esanik gure herrian, Gabirian, bertan ospatzen baita. Gaur adina erraztasun ez zen garaian majo egin zuten lan gure xaharrek. Ume-umetatik ikusi ditut nola pasa diren gaur puntan dabiltzan bertsolari pila bat, adibidez: Zubeldia, Alaia Martin, Agin Laburu,etab. Ni jaio nintzen urtean, 1996an, bete zituen 25 urte Osinalde sariketak. Berezia da gabiriar gehienontzat, eta zer esanik ez bertsoaren inguruan gabiltzanontzat.

Orain bi urte bete nuen ume-umetatik neukan amets bat, Osinalde sariketan parte hartzea; nahiz eta ez nuen finalera pasatzeko suerterik izan. Iaz ere kantatu nuen eta ez nintzen pasa baina lana ondo burututako sentsazioarekin gelditzea ere bada nahiko garaipen. Aurten azkeneko urtea nuen, esan behar baita gehienera ere hiru aukera izaten direla Osinalde sariketan. Aurten azken aukera, eta hara zer diren kontuak, aurten pasa gera galbahe horretan. Ez zuen zulo makala galbahe horrek!!!

Apirilaren 22an da egun handia, oraindik finalista denak zehaztuta ez dauden arren jakina da maila handiko bertsolariak izango direla, Ikusi besterik ez daude saioetako kartelak.

Ametsa ia beteta dago. Emozio asko bateratuko dira finalean, eutsi eta kontzentratzeko kapaz izango al gara… Orain dagokidan gauza bakarra herriari bertsotan badakidala erakustea da, eta besteei gerra pixka bat ematea. Horixe zor diet buruan dabilzkidan askori.

Betetako amets bat!

Betetako amets bat!