Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2024-07-19

Beterano

Pilota edo baloia erabiltzen den kiroletan, partida jokatzen dutenetatik erdiek irabazi egiten dute. Lasterketena esker okerragoko diziplina da, helmugara aurrena batek besterik ezin baitu iritsi. Beraz, askotan lehia piztu eta protagonismoa banatzeko, sailkapen orokorraz aparteko azpi-zerrendak antolatzen dira.

Beterano –

Kategoriena orokorrean oso nahasgarria da, kirol mota eta federazio bakoitzak adin mugak bereizteko irizpide desberdinak dituelako. Izenetik abiatuta, bizikletan 23 urtez azpiko eta eliteko txirrindulariei afizionatuak deitu izan zaie. Elitearen osteko taldeei berriz masterrak: master 40, master 50… Aldiz, triatloietan eta mendi trailetan oso ohikoak dira beteranoen kategoriak. Batzuetan 40 urte ingurutik gorako guztiak zaku berean sartzen dira. Besteetan, A beteranoek, B beteranoek eta C beteranoek sailkapen propioak izaten dituzte. Sona handiko ekitaldietan, etxe babesleen iragarki interesa egon liteke jendea podiumetik pasa dadin, baina testuinguru herrikoietan, bakoitzaren mesanotxerako argazkia da motibo bakarra.

Beterano
Arg: Pexels

Oraintsu Oihana Iguaranek Olinpikoki artikuluan gogora ekarri zizkigun gure hitzaren kirol nazionalaren ingurukoak. Txapelketaren testuinguruan eta joko menpekotasuna sustatzeko zehar asmorik gabe, seguru bazaretela norbaitzuk porra zaleak. Txapelerako hautagai nagusiak bizpahiru bakarrik izan daitezkeenez, okurritu zait posible litzatekeela bertsolarientzat ere tropeltxoen sisteman erabiltzea.

  • Aurrenengo kategoria bakarkako espezialistena da. Postura aerodinamikoan jarri, eta erlojuaren aurka hiru bertso nahi den neurri eta doinuan botatzen abilenak dira.
  • Beste batzuk igotzaileak ditugu. Bertsolari arinak, entzun errazak. Bakarkako lan sakonetan sufritzen duten arren, gai sozialen ofizioetan salbatzaile dira. Hauek mendiko sailkapena lehiatzen dute.
  • Maillot berdearen sailean erregulartasuna saritzen da. Ez dute umorerako dohain berezirik, ez eta originaltasunarekin hausteko joerarik ere; baina ariketa guztiak kunplitu ditzakete txukun, tarteko helmugetan puntu asko pilatzeko.
  • Txapelketa ziklo denetan izaten da ustekabea ematen duen norbait. Aurrez jende gutxik ezagutu arren, faseetan aurrera egitean lortu duena. Hauena maillot txuriaren saila da, gazterik onenarena. 
  • Gazteez ari garela, tropelean beharrezko dira talde gonbidatuak ere. Lehen mailako lizentziarik ez dutenak. Normalean hasiberriek edo maila baxukoak ibiltzen dira, gainontzeko jaialdien zirkuituan tokirik ez dutenak. Hauek dira eskapada gehienen protagonista.
  •  Azkenik ezin aipatu gabe utzi klasikomanoak. Adinean aurrera joandako bertsolariak ditugu, jadanik abiadura kamustu zaien esprinter ohiak. Ez dira gazteagoei ur botilak jartzen gregario ibili zaleak. Etapak luzatzen direnean, egun guztiko festetako saioak kasu, nabarmentzen dute eskarmentua harbide deserosoetan.

Dakidala behintzat Bertsozale Elkarteak ez du asmorik (eskolartekoa salbu) jaioturtearen arabera plazan bereizketarik egiteko. 

Beterano