2018-01-29
Bertsolariak ez dira txontxongiloak, baina...
Bertsolariak ez dira txontxongiloak, baina… –
Iragan asteburuan ezagutu dut Tolosako Topic, Nazioarteko Txotxongiloen Zentroa. Europa osoan txotxongilo-artearentzako dagoen zentro integral bakarra da, zinez egitasmo eder, erakargarri, interesgarri eta bizia. Liluraz eta begi/belarriak itxi ezinda jarraitu nituen bertako azalpenak, emozioz beteta egin nuen museoko ibilbidea eta laburra egin zitzaidan erakusketa ikusteko geneukan denbora.
Eta haur txiki bat hondartzan jolasean nola, txotxongiloen munduan barneratuta nengoela, halako parekatze baten zirrarak zeharkatu zidan gorputza: bertsolaritzak ez ote luke interpretazio zentro egonkor bat behar?
Euskal Herritarrei zein kanpotarrei begira osatutako egitasmoa da Topic. Urtean zehar ikastetxeetatik hainbat bisita jasotzen ditu; norbanako zein talde antolatuek ere egin diezaiokete bisita noiznahi ―asteburu eta oporraldietan irekita egoten da―; eta atzerritar askok ere jotzen du bertara, inguru hauetan turismoa egiten ari delarik.
Hiru hartzaile mota horientzako iruditu zitzaidan interesgarria bertsolaritzaren ―eta akaso ez sakontasun berarekin, baina toki bat eskainiz, mundu mailako ahozko inprobisazioaren― interpretazio zentro bat eraikitzea. Interpretazio garaikide baten bidez, ondare historiko eta kultural horren papera eta esanahia agerian utzi eta azalduko lituzkeen egitasmo iraunkor bat, aldi baterako erakusketak ere izan litzakeena.
Bertsozale Elkartea etengabe ari da ahalik eta eremu gehienetan bertsolaritzaren berri ematen. Baina esana du, orain baino lehen, kultur elkarte batek ez lukeela egun daukan adinako langile-bolumenik izan behar. Ezin du denera iritsi eta ez du denera iritsi nahi.
Erronka polita litzateke, beraz, erakunde publikoentzat, edozein herrialde, hiriburu zein herri-koxkorrek bere gain hartu nahiko balu: kultur-turismoaren aldeko apustua egin eta geure ondarea egitasmo eder, erakargarri, interesgarri eta bizi baten bidez mundura zabaltzea.
Bisitaririk ez luke faltako, seguru.