Joanes Illarregi
Joanes Illarregi

2021-06-30

Bertsolariak eta ikasleak

 

Bertsolariak eta ikasleak  –

Ikasturtea bukatu berri dugun honetan, urtero modura azterketen garaia amaitu berria da; eta urtero modura aurten ere izan dira listua eztarritik pasatzeko nahiko lan izan ditugun uneak. Ez da ikasleen garairik gustokoena izaten, eta behin ikasteko garaia heltzen denean, edozein aitzakia da ona zereginetan ez murgiltzeko, eta ikasten hasteko unea ahalik eta gehien atzeratzeko.

 

Bertsolariak eta ikasleak
Arg: Yurii Efremov (wikimedia)

 

Horietako momentu batean nengoela, ikasten jartzeko gogo gutxi eta indar eskasa nituela, eserialdia atzeratu nahian pentsatu nuen honako hau: azterketek eta bertsolaritzak, badauzkate antzekotasunak. Hortik abiatu eta nire ideia fintzen joan nintzen, eta bertsolaritzak orokorrean baino, txapelketak eta azterketak dituzte antzekotasunak.

Lehenik iruditzen zait bertsolari eta ikasleok berdin jokatzen dugula azterketa eta txapelketaren aurrean; aspalditik dakigu noiz den egun handiaren data, badakigu zein izango diren landu beharreko alderdiak, badakigu epaileen/irakasleen zorroztasun maila zein izango den (edo uste dugu badakigula zein izan daitekeen) eta batez ere badakigu zer den jokoan daukaguna. Baina bietan jarrera berbera izaten dugu: egunaren data benetan gertu izan arte, ez gara lantzen hasten. Beti atzeratzen eta atzeratzen, eginbeharrak ahalik eta gehien luzatuz. Gorago aipatzen nuen nahi hori zereginak atzeratzeko. Bi kasuetan arrazoi berberagatik dela esango nuke gainera, presio faltagatik. Presiorik ezean, eguna gertu ikusi ezen eta zure burua kolokan ikusi ezean, zertarako hasi beranduago ere egin dezakezun zerbait egiten? Esaera zaharrari buelta emanez, zergatik egin gaur, bihar egin dezakezuna?

Aurretik egindako lana ere hausnartu nuen beste puntu bat izan zen. Zenbat eta denbora gehiago sartu aurretiaz lanketan, kuaderno batean idatzi eta berridatziz, idatzitakoak irakurriz… errazago egingo duzu azken unean. Baina bene-benetan garrantzitsuena unean egiten duzuna da, sorkuntza lan hori. Tokatzen zaizuna tokatzen zaizula, aurrean daukazunari aurre egin eta askorik ez jakin arren dakizunaren itxurak egin eta disimulatzen saiatzea, hortxe dago gakoa.

Esan dezakegu askorik ez zaigula axola emaitza, bat eta beste, baina bi kasuetan 0 eta 10 arteko eskala batean neurtzen gara/gaituzte, eta guztiok nahi dugu 10etik gertuago ibili, 0tik baino. Egia esan, normala da hori, 0tik gertu ibiliz gero, hurrengo aldian berriro ere hutsetik hasi beharko duzu eta.

Zure buruari jartzen diozun presioak ere badauka eraginik bi esparru hauetan. Lasaitasuna, zure buruarengan konfidantza eta ongi egingo duzunaren ziurtasuna edukitzea ezinbestekoa da, burua ez galtzea azken unean eta zu izatea zeure nerbioen jabe; eta ez alderantziz.

Oraindik ailagatu ez delakoan nago, baina ez nintzateke harrituko egunen batean bertsolariren bat tranpa egiten saiatu eta oholtzan txuletarekin harrapatuko bagenu, galtzamotzak edo gona jantzi eta izterretan errimak apuntatuta. Epaileek irakasle papera hartu beharko lukete orduan bertsolariarekin… zero bat, eta hurrengo deialdira!

Bertsolariak eta ikasleak Bertsolariak eta ikasleak