Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2019-07-22

Bertsolari

Bertsolari –

Doinua: Baserrian jaio nintzen (habanera)

 

 

2019an

bertsolari zu nor zara?

Txapelketako estresa,

plaza batean gozada.

Baina errol gehiago

ditugu gaur egun hara:

Nahi gaituzte soziologo

ta filosofo gisara,

Euskal Herriko mediku,

gehiegi beharbada.

Baina guk zer nahi dugu?

Zer hartu eta zer laga?

Ez al gaituzte formatzen

haien helburuetara?

Ez gara nahi dugunak

Baina nahi dutena gara.

 

Sistemaren txontxongilo

nork heltzen du kanabera?

Gizarte hau kritikatuz

plazetan goaz aurrera,

Ez garenetik kantatuz,

errol batetik bestera

Baina mikrotik urrunduz

galtzen al dugu papera?

Hitzak neurtuak ditugu

entzuleen arabera

Baina ez dira berdinak

arazoa horixe da

Sistema kritikatzea

ta sistematik atera

Goazen kritikatzetik

gu autokritikatzera.

 

Ez gara estatistika

prezio eta kopuru

Ez gara txontxongiloak

haien harien aiduru

Gizartearen eskutan

sormenak zerbait galdu du

Plazak ring-ak direnean

ta gure gorputzak gudu

Bakarka ez da izango

gure bidea seguru

Aldatu nahi badira

gure mundu ta inguru.

Bertsolari zu nor zara?

Zer duzu zure helburu?

Nor garen jakin ta gero

zer egin jakinen dugu.

Bertsolari