Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-05-15

Bertsoari begiratzeko modu bat

Bertsolaritza hitzari sare sozialen batean etiketak jarri behar banizkio, #Artea, #Edertasuna, #Hizkuntza edota #Lagunartea etiketak erantsiko nizkioke. #Gozamena, #Umorea eta #Zirika ere bai. #Zirtoa. Horrela ulertu izan dut bertsolaritza jardunean aritu naizenean eta aritzetik aditzera igaro naizenean, berriz, etiketa horiek bere baitan biltzen dituzten saioak entzun nahi izaten ditut.

Bertsoari begiratzeko modu bat –

Bertsoari begiratzeko modu bat

Badira, ordea, urte batzuk bertsolaritza beste etiketa batzuen karraio dabilenetik, nagusiki; #Kritika, #Aldarrikapena, #BotereHarremanak, #Zapalkuntza… Eta norberak bere etiketa propioa erantsi nahi die horiei; norbere ahots propioa; ikuspegi interesgarri eta berritzaile bat. Kapitalismoaz, generoez, prekarietateaz, gizontasunaz, ekologismoaz, merkatuaz… Etiketa horiek gabeko bertsoa ez du inork bota nahi; hutsik balego bezala. Ekarpenik egingo ez balu bezala.

Ekarpena egitearren, ordea, bertso ekarri asko bota behar izaten ditu bertsolariak zenbaitetan. Bertso ekarri asko entzun entzuleak. Eta ekarria ez da sekula etorria bezain ederra izango ez botatzeko, ezta jasotzeko ere. Badira akaso, bertsolaritza mota horri egokituago dauden publiko eta espazioak baina orokorrean, bertsolaritza jai giroari eta herriko plaza, gaztetxe zein elkarteri lotutako jardun da oraindik. San Isidro eguneko bertso saioa, 12:00etan Astigarragako Oialume auzoan; Bertso bazkaria Alegiako Intxurre elkartean; Bertso-poteoa Algortan…

Ez ote da bertsolaritza modernoa ertz bila gehiegi dabilen arte ekoizpena? Neroni ere neure ahots, kontakizun propio, zapalkuntza eta aldarrikapen posibleen bila aritu naiz kantuan aritu naizen garaian. “Neuretik kantatzea da lortu nahi dudana” esan izan dut nik ere komunikabideen aurrean, baina zer da, ordea, neurea mundu honetan dena asmatuta baldin badago? Bai ideologikoki, baita diskurtsiboki ere.

Gogoan dut bertso eskolan egiteko bakarra ondo pasatzea zen garaia. Eskolako jolasgaraiaz, goxoki dendan egindako lapurretaz, gustuko neska mutilez, irakasleen zigorrez… eta halakoez aritzen ginen kantuan. Geuretik, egunerokotasunetik, sinesgarritasun gehiagoz ezin! Eta bertsoaren grazia errima estua kateatzea izaten zen edo ingurukoek barre egitea eta norberak “Lortu dut! Ea beste behin!” sentitzea.

Gaur egun, bertso eskoletako irakasle urte luzez aritu ostean, neronek ere uste dut zenbait garaitan momentuari, taldeari edo kanturako irrikari erreparatu ordez neuk bertsoaren bidez transmititu nahi izan ditudan balioei erreparatu diedala. Aldarrikapen mezuei. Diskurtso jakin batzuei. Erdiguneko gaiei: “Zuek eskolako jolastokiari begira zaudete eta futbol zelaiak okupatzen duen espazio zabalaz arduratuta zaudete.”, “Ikasle etorkin bat etorri berri da zuen gelara eta inork ez du bere ondoan eseri nahi.”, “Jangelako arduradunek egunero janari ugari zakarrontzira botatzen dute, jendea kalean gosez dagoen bitartean.”

Badut susmoa bertsolaritzak belarriak goxatzeko kantu atsegina behar lukeela oinarri oinarrian. Kandelario, Kalendario, Hilario… Aldaba, Ahal bada, Alaba, Al da ba?… Eskerra, Ezkerra, Lasterra, Susperra… Hitzari -eta hitz bakoitzaz ari naiz-, esaldiari edo diskurtsoari adinako balioa eman behar geniokeela. Ahotsaren egokitasunari, errimaren irrikari, erantzunaren zirtoari… Hizkuntzarekin egin daitezkeen filigranei. Ondo pasatzeari; norberak eta parekoak.

Hori bai, nola pilotan hala bertsotan, beti balioko du gehiago parean jo eta tanto izan den gantxoak, jokoa nahasteko bakarrik balio izan duenak baino. Ederra izateaz gain, esanahiz betea, iradokitzailea eta berritzailea denak, alegia. […] Lehen bi ta huts bion kalte / Orain bat ta bat enpate / Mundua ere logika hontan / hobe lijoake!

Bertsoari begiratzeko modu bat