2024-08-09
Bertsoa eta uda
Bertsoa eta uda –
Doinua: Ai hori begi ederra A
Igerilekuko ura
Mendi berdeen freskura
zein bidaia bat mundura
Askorentzako izan daiteke
beroaren arrangura
ilusioa, lilura…
Bai, aurten ere heldu da:
Ta bertsotan zer da uda?
Haseran umea zara
eta ez zoaz plazara
bertsoen bilaketara
Gutako asko joaten ginen
Zerbait berezia da ba
Ta bertsoarekin, hara!
Bertan maitemindu gara
Ta gaztetxotan sormenak
ta bertsoak dakarrenak
mugitzen ditu barrenak
Herriko jaitan bertso saiora
joaten baginen denak
Ikusten genituenak
ziren munduko onenak
Gure eredu zirenak
Eta ondoren gazterik
ona zarela usterik
ez surik eta ez kerik
herriko jaitan kantatu eta
nahiz ez dagoen hausterik
ez zen bertso_on bat uzterik
baina ez da desastrerik
Lehen aldi bat besterik
Ta_hemezortzien trenean
zerbaiten oroimenean
kezka daukazu denean
Entrenatu nahi lehen txapelketa
baitator udazkenean
jarri nahi puntx onenean
lan garaia ez denean
Ta ezer ez azkenean
Eta hogeita birekin
txapelketa batzuekin
udara dator desberdin
astero zerbait egutegian
eta datorrena egin
kantukide finenekin
plazara joan ta ekin
Beste ardura batekin
Ai udaren iskanbila
esnatzen den sugandila
barru nahasle abila
Nahiz ta aldiro joan izan naizen
zerbait zehatzaren bila
beti izan da hurbila,
berezia, borobila…
Ta hala izan dadila!