2024-10-22
Bertso zeremonikoak
Ez naiz sekula bertso zeremonikoen zalea izan. Urtebetetze, ezkontza, Eguberri… ospakizunak hobe bertsorik gabe, pentsatu izan dut, gainera. Gauza bakoitza bere lekuan eta garaian. Zerbaitetarako daude Zorionak zuri, Unblenble eta Hator hator euskal kantutegian. Hobe hortik tira nik neure sormenetik baino.
Bertso zeremonikoak –
Gainera zer eta debalde! Zer izango eta beste denak mahai bueltan lasai ederrean zerbeza edanez eta txorakeriak esanez daudenean! Bost axola gainera hauei bertsoa; hamarrekoa izan, hamaseikoa, hemezortzikoa, berdinaren moldekoa edo molderik gabea. Ni hemen hasi bertso kantari orain? Ez ez, ezta pentsatu ere!
Ez naiz gutxitan odol txartu ingurukoak bertso eske hasi zaizkidalako nik nahi ez nuen momentuan. Gehienetan ez dut kantatu ere egin izan. Hemen, orain? Zertarako, norentzat, nondik nora? Zein da gaia? Non dago mamia? Gutxienez bertso lagun bat baneuka puntutan edo ofiziotan aritzeko… Askotan gaizki sentitu izan naiz jai giroa zapuztu eta neure burua estualdi batean jarri izanagatik.
Eta kantatu izan dudanetan ere ez naiz ongi sentitu izan. Ingurukoek hamaika aldiz erregutu ondoren, gogogabetuta kantatutako erdipurdiko bertsoa aski ez nonbait nire egoa hauspotzeko; ez niretik kantatzeko, ez errima estutzeko, ez doinu berririk probatzeko… eta jasotako txaloak txalo, seguru ez zirela gutxiago izango beste edozer kantatu izan banu ere!
Duela hilabete batzuk ordea, Iñaki Perurenari entzun nion ETBn egindako elkarrizketa batean; hala behin, Ameriketako euskal jai batera joan omen zen harri jasotze erakustaldi bat egitera. Herri kirolen ikusmira bukatu ostean, parte-hartzaile eta antolatzaile guztiak elkarrekin joan omen ziren bazkaltzera eta bazkalostean, bere garaian Ameriketara artzain joandako gizon euskaldun, heldu bat inguratu omen zitzaion. Xalbador eta Basarriren kontuen berri ba omen zuen eta haien bertso mordoa kantatzeko modua ere bai, asko eta asko buruz ikasiak baitzituen.
Perurenak, orduan, halaxe sentitu omen zuen: hemen bertso bat kantatu behar diat! Inon bertsoak lekurik badu, hauxe duk haren lekua. Tokatu egiten duk hemen bertso bat kantatzea! Baina ingurura begiratuta, ez Lizaso, ez Telleria eta ez Amuriza… Bera izan nonbait han zeudenen artean tajuzko bertso bat osatzeko gai zen bakarra eta hala kantatu omen zuen momentuan sortutako bat.
Jendeak erruz jo omen zuen txalo, Ameriketara artzain joandako gizonak emoziozko malkoak isuri omen zituen eta denek erruz eskertu omen zioten bertso hura kantatu izana.
Aspaldi honetan nik ere geroz eta zeremonia gehiagotan sentitu izan dut bertsoak baduela lekua, edo egin behar zaiola bertsoari leku bat. Geroz eta zorion mezu gehiago bidaltzen ditut hamar zortzian: Espero diat hire eguna/ondo ospatu izana!, geroz eta gusturago idazten ditut ezkontzatarako bertsoak: Zurekin ni baldin banaiz/zergatik egon zu gabe? eta mahai bueltan ere, zergatik ez kantari hasi?
Perurenak argi sentitu zuen bera zegoen garaian eta lekuan bertsoa tokatu egiten zela. Eta tokatu bezala pentsatu eta pentsatu bezala bota zuen. Hamar zortzian, ziurrenik. Errima hala moduzko batekin. Egoki osatua, auskalo. Ondo kantatua, seguru. Eta publikoak eskertua, ezinbestean.
Eta une hartan Ameriketako euskal komunitate hartan lehertuko zen emozio festa hartan pentsatuz, sentitzen dut hobe lukeela bertsolariak askotan, gaiari heltzeko modua, errimategia, doinuen playlista edota aldarri soziala bigarren plano batera pasa eta bertsoa non eta noiz tokatzen den sumatzeko gaitasunari arreta jarriko balio. Guztiak baitauka bere lekua eta garaia.