Bertso historikoak edo –

Denboraz justu nabilenez gero, duela bi urte idatzitako bertso batzuekin osatuko dut hilabete honetakoa. Ez dira bereziki onak, baina anekdotikoak bai, eta horregatik hautatu ditut, hain zuzen ere.
- Testuingurua: 2023ko maiatza, batxilergoko 2.mailako historiako azken azterketa
- Protagonista: 18 urteko ikasle fi n bat, bikaintasunarekin obsesionatua, baina bizitzak jan duena
- Ikasi beharrekoa: 11 eta 12 gaiak
- Ikasitakoa: 11
- Sartu den gaia: 12
- Denbora: 90 min
- Estrategia: bertsoak, a ver si cuela
Ziur ez zenuela
nigandik espero,
ta agian damutu
egingo naiz gero.
Ikasle ona ezin da
izan egunero!
Hemen doaz bertsoak
alaitzeko edo…
ze bata faltan duen
hamarra da zero!
Atera nitzakeen
errez puntu batzuk
6,5 bat lortu
saiakeraren truk,
baina orriak zuri
ta ni aulkian zut,
nahiz “saia zintezkeen”
usteko duzun zuk,
erdipurdi egiteko
zertan egingo dut?
Erdi estresak jota
erdi nekatua
banekien ez zela
ezer bermatua.
Bi hauen artean zen
atzo apustua:
lotara joan edo
ikasi testua…
ta osasunaren alde
egin dut hautua!
Nik behintzat horren gaizki
ez diot irizten,
gaurko dena ikastera
ez nintzen iristen!
Egia gutxik dute
benetan sinisten:
nahiz gaurkoan ez zaidan
horren ondo irten,
kurtso dena daramat
berdina egiten!
Amari estrategia
kontatu nion, bai.
Esan zidan “alaba
kamikaze bat, ai!”
Zuk diozu “hainbeste
ez ziren ba bi gai!”
Hontaz drama handirik
ez nuke egin nahi,
nik behintzat gaurkoan lo
egingo dut lasai!
Beraz hamabigarren
gaia zen gaur gako,
Trantsizio kontuak
ta horren gisako.
Loteria ziurra
inoiz ez delako,
behintzat onenarekin
gelditu beharko:
anekdota polit bat
hurrengo urterako!
Zero borobil bat atera nuen azterketan, baina irakasleak beste bertso (onartu ez diodan arren) on batez erantzun zidan behintzat:
Adierazi bezala
ez nuen espero,
zuretzako berria
bada honezkero.
Suspenditzeko ere
klase duzu gero!
Historia hau gurea
al da guztiz edo?
Hemen duzu hamarra
izango den zero!
Eta errekuperaketan bai, errekuperaketan 10.