2020-11-20
Bertso eskola diasporan
Bertso eskola diasporan –
Pandemia garaiak hala behartuta, online bertso-eskolak ikusi ditugu han-hemenka. Ez da aukera txarra, besterik ezean. Horrek mugatu egiten du bertso eskolen azpiegitura, lehen edozein gela-zoko aski baitzen: erratz bat lortuz gero guztiz ekipatua zegoen. Orain ordenagailua, mugikorra edo dena delakoa oinarrizko ekipazio bilakatu da, sareko konexio onarekin batera.
Ezinbesteko teknologiak zaildu egiten du irisgarritasuna batzuentzat, baina beste batzuentzat aukera bat zabaldu da. Esaterako, Dylan izeneko gazte bat pandemia aurretik ari zen bertso eskolarako aukera eske, Erresuma Batutik. Beretzat, online egitea sekulako aukera bilakatu da; Euskal Herriko bertsolariekin ez ezik, diasporako beste bertsozaleren batekin ere “biltzen” da sareko hitzorduan bertsotarako.
Bertso eskolak herrika, eskualdeka, bailaraka, eremuka osatu izan dira nire inguruan orain arte. Gero, zorionez, ezagutu ditugu bertso-truke ez ofizialak, txapelketa prestatzeko sortutako taldeak gehienak, eta ahalduntze bertso eskola bezalako espazioak ere bai. Orduan eta mugimendu askatasun gehiago, orduan eta malgutasun gehiago edonongo bertso eskolara batzeko.
Lehen genuenari eustea funtsezkoa da oraindik; espazio horiei aukera berriak gehitzea da kontua. Horregatik izan da interesgarria, London Euskal Etxea Elkarteari esker online egin dugun bertso-tailer modukoa; erakusten duelako, sekula pentsatu gabeko zirrikituetatik sartzen dela jendea gure mundutxora: izan euskara ikasten ari den heinean ahozko tradizioak interesa piztu diolako, izan etxetik urrun egonik leiho bat zabaldu zaiolako online kontsumitzen duen Hitzetik Hortzera saioaz harago, izan feminismoari lotutako aktibismoan dabilelako eta entzun duelako bertsogintza bilakaera une interesgarrian dagoela, izan grazia egiten diolako bertsolaritza ingelesez nola (arraio!) azaltzeko gai garen ikusteak …
Badakigu sareak gure gertuko eremutik isolatzen gaituela sarri. Badakigu, era berean, sareak edonongo bi puntu urrun lotzeko aukera eskaintzen duela. Antzeko sentipena dut tarteka euskararekin ere: edozein izapide egitean oztopo dela helarazten didate gure instituzioetan, eta aldiz, urruneko hainbat puntutarako zubi bilakatzen zait. Agian asma dezakegu sarea amu bezala baliatzen.