Aroa Arrizubieta
2020-04-14
Bertso eskola birtualera ez joateko aitzakiak
Bertso eskola birtualera ez joateko aitzakiak –
Doinua: Egun da Santimamiñe
“Nahiz ta zu igual ez fia,
hau da eszenografia:
Ez dut daturik eta etxean
ez dabil ondo wifia”.
“Hain naiz ikasle formala,
beti klasera noala.
Ta dut ostegun arratsaldero
akademia birtuala”.
“Bertso eskolan hobeto
nengokeen arren tarteko,
familiarekin geratua naiz
bideo-dei bat egiteko”.
“Gogoa dut, alegia,
diodana da egia:
Barkatu baina oraintxe bertan
amaitu zait bateria”.
“Klaseko hainbat lanen truk,
ondo jakingo duzu zuk
pantailapean bizi naizela;
eta buruko mina dut”.
“Ezin dut, hala beharko,
ogi bila noalako;
eta ilaran tokatuko zait
zortez, bihar goizerako!”
Ke-bonba truko onena;
Whatsappean dagoena
baina aitzaki beharrik gabe
erantzuten ez duena.