2023-04-04
Bertso berriak Anari (eta amari)
Bertso berriak Anari –
Doinua: Pizti arrunten modura
Argazki batek asteon,
eztabaida oso sakon
bat piztu ta nik hari heltzea
pentsatu, hara non.
Dena poz, dena zorion…
ba, barka Ana Obregon;
baina nik ere barruak hustu
gabe ezin egon.
Zaituzte harrapatu han
ospitale pribatuan,
mina antzeztuz, irria ezin
diximulatuan.
Amets amerikartuan
aritu zara tratuan,
bizitzak merke eros daitezkeen
supermerkatuan.
Lehen haurrak betiko eran
zikoinak Paristik hegan
zekartzan baina putreak adi
zeuden altueran.
Orain turistek primeran
xanpain kopatxo bat edan
eta souvenir gisa umeak
dauzkate nahieran.
Gustu asko dira gastu
(ez bazara aberastu)
zuk berriz ama izatera nahi
zenuen jolastu.
Nahiz ta legeak sahiestu
eta Miamin babestu,
desirak eta eskubideak
ezin dira nahastu.
Erditze eta sufrimendu
zilborrestea zimendu
mozte-unea nahita ere ezin
dut burutik kendu;
jaio eta besterendu,
biak betiko aldendu;
krudelkeri hau noren ametsak
justifikatzen du?
Ama ―benetako ama―
aurre-atze, karga bana:
alokairuko sabela eta,
bizkarrean zama.
Galdetzen al duzu, Ana?
Andre gajo bat zugana
diruagatik ez baldin bada
zerk ote darama?
Han hau legala izaki
ahots eta erabaki
ostu diozu zaurgarria den
emakume bati.
Altruismoa aitzaki
darabilzun arren, baiki,
esplotazio deitzen zaiola
edozeinek daki.
Iragana da beldarra
eta heltzean biharra,
izango duzu tximeletari
erantzun beharra.
Ez ahaztu, lagun zaharra:
maitasunaren indarra
da alokatu edo erosi
ezin den bakarra.