2018-12-19
Bertso asteburua
Bertso asteburua –
Pasa den asteburu hau intentsua izan da bertso saioei dagokienean. Hiru saio erabat ezberdin, eta aldi berean berezi.
Ostiralean lehen saioa Ordiziako herrikoan izan genuen, urtebete da gazte koadrila batek hartu eta martxan dabilenetik, eta horren harira lagunarteko bazkari eder batekin ospatu genuen. Bazkalondoan ere giro goxoari eutsi genion bertsoen bidez.
Gauean Lazkaomendiko Lartxai elkartean Ikullu racing elkarteak antolatzen duen Goierriko rally sprinterako giroa berotze aldera bigarren urtez bertso afaria antolatu dute. 60 bat lagun elkartean afaritan, etxe bakoitzeko onenak denak ere. Ordizian motorrari “rodajea” eginda egurra ematea tokatzen zen. Pare bat orduko saioa joan zen,ez dut uste inor astindu gabe utzi genuenik. Bukaeran atrebituren bat ere hasi zitzaigun aldamenetik bertsotan (ordu txikietako kontuak).
Larunbat iluntzean sekula izan gabe nengoen ekitaldi batean kantatzea egokitu zitzaigun. Ordizian ASPANOGIren alde antolatu zuten boxeo saioan kantatu genuen. Gure alea jarri nahi genuen eta aldi berean hain urruneko diren bi mundu, bertsoa eta boxeoa, elkartu ziren.Nahiz eta bertsoak sarri boxeotik ere baduen. Momentu horretan ari ziren Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue buruz burukoan kantari, edo boxeoan. Zorionak Onintza, eta baita beste bertsolari guztiei ere.
Lazkao Txikik esaten omen zuen jakintsua joandako lekuan egoten zekiena zela. Hiru leku ezberdinetan behintzat kantatu dugu asteburu honetan, ez dakit egoten jakin dugun, baina leku bakoitzetik zerbait ikasita irten ginela esango nuke. Ez da gutxi. Beraz, segi dezagun ikasten!