2021-03-04
Berriztapenetan
Berriztapenetan –
Etxeen erreformak argazki bitan erakusten dituzten era berean natorkizue kontu bat kontatzera, before and after, lehen eta orain.
Lehen inkontzienteki sentitzen nituen gauzak, kontzientzia handiagoz bizitzen hasi naiz, esate baterako, bertso eskolako gozamena. Plazerra elkarbanatzen denean, biderkatu egiten da. Negoziaziorik barik, norberak nahi eta ahal duen horretara darama bere burua, bere jarduna eta bere gozamena. Norberak erabakitzen du zer gorde eta zer atera, zer erakutsi eta zer intimitatean utzi. Eta ba al dago gozamen hori publiko aurrean? Ala egon arren nerbioek (momentuz) ez didate holakorik sentitzen utzi?
Bizitzan zehar klik asko egiten ditu gure buruak, chipa behin baino gehiagotan aldatzen dugu, atzera begiratu eta sarritan esaten diogu geure buruari “zer izan dut buruan?”. Eta azken boladan neuk ere klik egin dut, chipa aldaketa eske izan dut, eta kasu egin diot. Larunbat arrunt bat izango zenak eroan nau buruari pare bat buelta gehiago ematera
Jarri dezagun orain arte (inkontzienteki izan bada ere) sentitu izan dudala bertso eskola entrenamendu bat dela, publiko aurrera irteteko entrenamendua. Momenturen baten plazara irtetea tokatzen denerako prestaketa, gero jendaurrean “ondo” kantatu ahal izateko.
Demagun momentu batez kirolaria naizela, bada, beste hitz batzuetan kontatzeko, bertso eskola entrenamendua dela maratoia heltzen den egunerako. Eta horrela korrika egiteaz, bizikletaz, igeri egiteaz, gozatzea posible al da? Non geratzen da domeka goiz bateko paseoak dakarren lasaitasuna? Edo, bizikletan hondartza ondotik buelta bat emateak dakarren plazerra? Edo egunero korrikaldi bat egin eta dutxa osteko deskantsua? Beste hitz batzuetan, beti maratoia buruan, agendako datak noiz helduko, eta ezin izan dut, edo ez kontzienteki, eguneroko horretaz, lagun bi geratu eta bertso eskolako zuloan librean kantatzeaz gozatu, ezin plazer konpartitu eta biderkatua behar bezala disfrutatu.
Beste behin ere, zer izan dut buruan?